Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Etxaurren Ikastolako gurasoak, zuzendaria eta Aiarako alkateordea, garraioaren aferaz hitz egiteko

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 15a, 17:51

Prentsaurrekoa eskaini dute Aiarako Udalean Eusko Jaurlaritzako eskola-garraioko eta Arabako Hezkuntza arduradunekin izandako bileraren nondik-norakoak azaltzeko. Hurrengo mobilizazioak ere iragarri dituzte.

Etxaurren Ikastolako Guraso Elkarteko lehendakaria, eskolako zuzendaria eta Aiarako alkateordea Lakuan izan ziren atzo, irailak 14, Eusko Jaurlaritzako eskola-garraioko eta Arabako Hezkuntzako arduradunarekin bilduta.

Bertan esan zieten “ezinezkoa” dela “arazoa egun batean konpontzea”. Izan ere, Jaurlaritzak uda osoa omen darama enpresekin negoziazioetan eta, lizitazioen pleguak hiru aldiz berregin eta iaz prezioa nabarmen igo bazen ere, Arabako eta Bizkaiko enpresak ez dira aurkeztu. Jaurlaritzak azpimarratu du “garraio-zerbitzuaren benetako kostuaren oso gainetik” ordaintzen direla kontratuak eta, hala ere, lizitazioak hutsik geratu direla.

Orain Eusko Jaurlaritza beste herrialde batzuetako enpresekin eta enpresa txikiekin hitz egiten ari da, baina, bileran komentatu zutenaren arabera, enpresa handiak presioa egiten ari omen dira, gainerakoek kontratuak onar ez ditzaten. Gainera, gobernuak “borondate falta” egozten die enpresei, gaur gaurkoz, zerbitzua ematera behartuta daudelako.

Egoera luzatzen ari da

Blokeo egoera horretan ez du ematen irtenbidea aurki helduko denik, eta hainbat eskola publikotako familiek (Mendiko eskolan hamar familia kaltetu ere daude) astebete baino gehiago daramate arazoarekin. Egoeraren lehen kaltetuak haiek direla azpimarratu dute, eta ez Eusko Jaurlaritza, honek atzo aipatu zien bezala. Era berean, ondorio latzenak familia zaurgarriek pairatzen dituztela azpimarratu dute, autorik ez dutenak, zehazki.

Gainera, albo-kaltetuak ere badaude, dagoeneko garraio-zerbitzurik ez duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak, hain zuzen ere. Horiek lekurik gabe geratzen ari dira autobus publikoan, DBHko ikasleek aurreko geralekuetan betetzen baitute eta, gainera, aurreko ikasturtean baino autobus txikiagoa igarotzen baita orain.

Horiek horrela, egoera luzatzen den bitartean mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute Guraso Elkarteko kideek. Gaur bertan auto-karabana deitu du Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik plataformak. 17:00etan abiatuko da Urduñatik eta eskualdeko herri guztietatik igaroko da.

Horrez gain, adierazi dute harremanetan daudela Araban antzeko egoera duten beste ikastetxeekin. Gaur ere, 18:00etan elkarretaratzea egingo dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide