Ekintzaz beteriko egunak datoz Aiarara. Udalak eta Hogeitalau Euskara Elkarteak Aiarako Euskararen Egunak antolatu dituzte, urriaren 18tik 25era. Euskaltzaleen Topaguneak abian jarritako 'Haurren aurrean helduok heldu' kanpainaren barruan kokatu dituzte jarduerak.
Helduen hizkuntza erabilerak haurrengan duen garrantzia azaleratzea da ekimenaren helburua. Hori dela eta, Etxaurren Ikastolako gurasoei bideratutako hitzaldi batekin abiatuko dute ekintza-sorta urriaren 18an; familiek "euskara lagun" izan dezaten "eskolan, kalean eta etxean".
Ekintza zaparrada
Euskararen Egunetako egitaraua, ordea, ez da egun bakarrera mugatuko. Urriaren 20an Arabako bertsolari Txapelketako kanporaketa saio bat ospatuko dute Izoriako txokoan. Urriaren 21ean, aldiz, babarrun jana egingo dute Zuhatzako txokoan. Bazkalostean Aaron Garmendiak "iraupen luzeko abentura kirolen" inguruko hitzaldia eskainiko du eta ginkanaren sari banaketa egingo dute.
Asteburua ixteko, haurrentzako jarduerak antolatuko dituzte igandean Arespalditzako Udaletxean, 17:00etatik aurrera.
Azkenik, bigarren hitzaldi bat eskainiko dute Etxaurren Ikastolan urriaren 25ean. Urriaren 18ko gai berdina jorratuko dute, baina familia erdaldunei zuzendua.
