Izoriako txokoa lepo beteta eta Hogeitalau Euskara Elkarteak antolaturiko Aiarako Euskararen Egunen programazioaren barruan jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa. Guztira, Araba osoko 24 bertsolarik parte hartuko dute kanporaketa fasean, eta 2024ko txapelketan nork parte hartuko duen ebatziko da bertan.
Izoriako saioan Unai Anda Delikak, Felipe Zelaieta Txurrukak, Xabier Antia Zuaznabarrek, Martin Abarrategi Sarrionandiak eta Ainara Balantzategik hartu zuten parte. Eskualdearen ordezkaria Unai Mendibil Etxebarria izan zen, eta Irati Martinezek gidatu zuen saioa.
Unai Anda izan zen lehenengo kanporaketako garailea, 196,5 puntu eskuratuta. Anda zuzenean sailkatu da 2024ko Bertsolari Txapelketara. Gainerako bertsolariak kanporaketa guztiak jokatu ostean sailkatuko dira, puntuazio hurrenkeraren arabera.
Hauek izan ziren Izoriako saioko puntuazioak:
- Unai Anda: 196,5 puntu
- Martin Abarrategi: 182,5 puntu
- Felipe Zelaieta: 175,5 puntu
- Xabi Antia: 169 puntu
- Unai Mendibil: 158 puntu
- Ainara Balantzategi: 110,5 puntu