Amurriotik administrazio batzarrera doan errepide bat konpondu du Etxegoienek, zati handiena berea ez den arren

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 27a, 11:10

Etxegoienen konpondutako errepidea. / J. A.

Lanak finantzatzeko prestaketa oso luzea izan da eta Obren Foru Plana baliatu du administrazio batzarrak. Errepide zati hori Etxegoienena izan zen XXI. mendera arte, baina Amurrioko Udalak epaiketa bidez bereganatu zuen.

Udan bukatu zituzten Etxegoien eta Amurrio arteko errepidea konpontzeko obrak. 177.880,62 euroko inbertsioa ekarri dute lanek eta 163.738,33 eurorekin finantzatu du Arabako Foru Aldundiak. Gainerako gastua Etxegoien eta Amurrio artean banatu dute.

Bidearen 850 metro berritu dituzte orotara, horietako 168 metro Etxegoiengoak dira eta gainerakoak Amurriokoak.

Etxegoienek kudeatu du Amurrioko errepidearen konponketa

Berez, lanak gauzatzea ingeniaritza juridiko eta ekonomikoaren ondorioa izan da. Izan ere, konpondutako azalera gehiena Amurriokoa da, baina Etxegoiengo Administrazio Batzarraren bidez egin da. Kontzejuak lortu du dirua eta Arabako Foru Aldundiarekin kudeatu du.

"Lau urte behar izan ditugu hau burutzeko", azaldu dio Javi Aspuru Etxegoiengo herritarrak Aiaraldea Komunikabideari.

Amurriok Etxegoieni "kendutako" bidea

Etxegoienek obra hau bere gain hartu izanak bi azalpen ditu. Alde batetik, aiararrek erabiltzen dute, ez baitago beste modurik autoz ateratzeko administrazio batzarretik.

Bestetik, iraganean errepide hori Etxegoiengoa zen. Horrela adierazi du Aspuruk: "Duela 25 urte beste konponketa bat egin zen eta guk egin genuen. Ordea, XXI. mendeko lehen hamarkadan Amurrioko Udalak proiektua garatu zuen eraztun berde handia egiteko eta epaiketa bidez kendu zigun errepidea".

Prozedura konplexua

Gauzak horrela, eta errepidearen zati gehiena berea ez denez, azpiegitura hori lagatzea eskatu zion Etxegoienek Amurrioko Udalari. Lagapen hitzarmena 17 urtekoa da, gutxienez 15 urtekoa izatea exijitzen baitu Foru planak.

Urrats hori eginda, Etxegoienek dirulaguntza eskatu zuen 2022-2023 Foru Planean eta Arabako Foru Aldundiak baimendu zuen finantziazioa.

"Lan nekeza izan da. 12 aldiz bildu behar izan dugu kontzejua eta lau urtez luzatu da prozesua, baina aintzat hartu behar da Foru Plana beharrezkoa zela finantzatzeko eta Amurriok bestelako premiak eta lehentasunak dituela", argitu du Aspuruk.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide