Azaroaren 4tik abenduaren 17ra, larunbat, igande eta jai egun guztietan, herritarrek Kexaako monumentu multzoa bisitatzeko aukera izango dute.
Arabako Foru Aldundiak iragan urte amaieran erosi zion monumentu multzoa ordura arte eraikinaren jabea zen Dominiken Kongregazioari, 3,4 milioi euroren truke.
Urriaren 29an, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, aparteko bisita eskaini dute, Foru Aldundiak abiatutako ate-irekien jardunaldien aurrekari. Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak ostiralean bisitatu zuen espazioa Ana Del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuarekin batera.
Gonzalezen hitzetan "monumentu multzoa, jada arabarren jabetzakoa den altxor material eta immateriala izateaz gain, elementu estrategikoa da, zalantzarik gabe, ingurua dinamizatu eta bultzatzeko, eta horrek Aiaraldeko garapen ekonomiko eta sozialean lagunduko du, eta horretan dihardu Foru Aldundiak, epe labur, ertain eta luzerako ekintzen bidez".
Hain zuzen ere, ideia lehiaketa jarriko du foru erakundeak abian Kexaako monumentu multzoari "balioa eman eta Aiaraldearen elementu dinamizatzaile" izan dadin.
Monumentua bisitatzeko aukera
Aipatu bezala, larunbat honetan -azaroak 4- abiatuko dituzte Kexaako monumentu multzoko bisitak. Abenduaren 17ra arte egongo da, oraingoz, espazioa ikusteko aukera.
Bisita guztiak 12:00etan egingo dituzte. Honezkero zabalik dago erreserba egiteko aukera 945 101 070 telefonoan edo reservas@kalearte.com helbidean.
Bisitariek ondorengo elementuak ikusi ahalko dituzte
- - Multzoan sartzea. Erdiko patioa
- - Adatseko Ama Birjinaren kapera
- - Komentuaren barnealde pribatua:
• Komentuko klaustroa
• Komentuko bisita geletako bat bisitatzea (barrutik ikusita)
• Klaustroko lehen solairura sartzea
• Done Joan Bataiatzailearen eliza ikusi/bisitatzea goi korutik
• Adatseko Andra Mariaren kaperaren korua bisitatzea - -Dorrea
Ana Del Valek adierazi duenez, "eskuratzearen helburuetako bat arlo publikorako berreskuratzea zen. Hasiera-hasieratik premiazko esku hartzeak egin dira, eta epe luzeagorako beste batzuk proiektatu dira. Baina argi genuen bisitak lehenbailehen egin behar zirela. Eta dagoeneko egin daitezke. Eta, horien bidez, ziur nago lurraldeko ondare elementu garrantzitsuenetako bat den multzo honetaz gozatu ahal izango dutela herritarrek".