JON OBALDIA

“Bost urte hauetan aztarnategiko puntu ia guztiak aztertu ditugu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 1a, 12:56

Arnazadi Zientzia Elkarteko arkeologoa da Jon Obaldia aiararra. / Aiaraldea.eus

JON OBALDIA (Izoria, 1990) Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa da, eta Babioko burdin aroko herrixkako indusketen arduraduna. Burdin Aroko aztarnategian azken kanpainetan aurkitutakoaz mintzatu da.

Zerk osatzen du zehazki Babioko aztarnategia, eta noiz deskubritu zen?

1980 eta 1981 urteen artean topatu zuten Babioko aztarnategia Maria Jose Yarrituk, Javier Gorrotxategik eta Jose Luis Martinezek. Horiek inbentario bat egiten ari ziren Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, eta lanean zeudela identifikatu zuten herrixka, Brontze Aroko amaierako edo Burdin Aroko aztarnategi bezala definitu zuten.

Aurkikuntzatik hilabete gutxira, Felix Murga Amurrioko parrokoa eta Armando Llanos Burdin Aroari dagokionean Araban dagoen eminetziarik handiena Babiora bertaratu ziren. Zundaketa egin zuten, herrixkako lehenengo harresiaren kanpoaldean. Suharri bat eta leungailu bat topatu zituzten. Hortaz gain, ez zuten aparteko piezarik aurkitu.
Aztarnategiak bi harresi dauzka: lehenengoak 246 metro ditu eta bigarrenak 560. Osotara hamar hektareako aztarnategia da. Nahiko zabala da Burdin Aroko aztarnategia izateko, kasu arraroa da.

“Brontze Aroaren amaiera eta Burdin Aroaren hasiera oso garai ezegonkorra izan zen. Migrazio handien garaia izan zen, hori dela eta leku babestuetara jo zuten herriak eraikitzeko”

1980ko hamarkadatik ez zen beste ikerketarik egin bertan. 2010ean indusketa egiteko saiakera egin zen, baina ez zen aurrera atera.

Ni 2018an batu nintzen proiektura. Urte horretan Aztarna Etnografia Elkarteak Babio industeko asmoa zuen, eta proiektua gidatzeko arkeologo bila zebiltzaten. Ni Aranzadin sartu nintzen urte horretan bertan, eta onartu egin nuen proiektua.

Urte horretan zundaketa batzuk egin genituen. Zortzi zundaketa eta bigarren harresian ebakidura baten garbiketa. Material ugari topatu genuen, eta kontserbazio maila ona zela ikusi genuen. Aurkikuntza horiek guztiak baliatu genituen, orain esku artean dugun proiektuari ekiteko. Ikerketa proiektua da, bost urteko luzera izan duena, eta orain berriro berritzeko asmoa duguna.  

Burdin Aroko herri harresitua da Babion induskatutakoa. Aurkikuntzak zein puntura arte egiten du bat garai berean datatutako inguruko aztarnategien nolakotasunarekin?

Bailaran badaude Burdin Aroko beste hainbat eredu. Urduñatik gertu, Delika inguruan, Santa Ageda izeneko aztarnategi bat dago. Hortik gertu badago beste bat Santa Cristina deritzona, Armando Llanosek aurkitutakoa. Babio litzake hurrengoa, eta Babiotik zazpi kilometrora Peregañan badago beste aztarnategi bat, gure inguruan dagoen handiena.

Beraz, aztarnategiak egon badaude. Kontuan hartu behar dugu ere, gure mendietan pinudi asko daudela, eta horren ondorioz aztarnategi asko suntsituak edo identifikatzeko zailak direla.

Nik MALean ikertu nuenaren arabera, eta orain etorkizuneko tesian sakontzen ari naizenaren arabera, ondorioztatu dugu aztarnategi horiek guztiak bailarako irteera edo sarreretara begira daudela. Hau da, kasu honetan, Babioko herrixka Nerbioiko bailarari begira dago zuzenean; eta modu honetan kontrolatzen zuten bertatik igarotzen zen jende guztia, etsaiak, merkantziak… Horregatik daude Burdin Aroko herrixka hauek Babio eta Peregaña bezalako tontorretan, inguruaren kontrol geoestrategiko guztia zutelako.

Brontze Aroaren amaiera eta Burdin Aroaren hasiera oso garai ezegonkorra izan zen. Migrazio handien garaia izan zen, hori dela eta leku babestuetara jo zuten herriak eraikitzeko.

Zer nolako egiturek osatzen dute Babioko herrixka harresitua?

Kategoria honetako aztarnategietan, harresitik alboetara dagoen tarte bat aterrazatu egiten zuten; maldan dagoen eremua laua bihurtu eta bertan eraikitzen zituzten etxebizitzak. 

Babioko bi harresietan identifikatu dugu etxebizitzak gainean eraikitzeko aterrazamendu antropiko hori. Oraindik ez dugu topatu zer nolako forma zuten etxebizitza horiek; ez dakigu oin-planta zein motatakoa zen. Baina badakigu egon bazuedela.

Gainerako eremu guztian, maldan geratzen den horretan, abereak gordetzen zituzten. Abereak ziren bertako biztanleen aberastasun iturria. Nekazaritza ere menperatzen zuten, topatu izan ditugu gari haziak, esaterako.
Aztarnategian abereen hezur pilo topatu dugu, gehienak obikapridoenak; ahuntzak eta ardiak. Horrekin batera gazta egiteko zeramika zati bat ere topatu dugu. Informazioa biltzen jarraitzen dugu, eta deskubrituz goaz pieza guztiek enkajatzen dutela.

Harresiko sarbideak ere identifikatuz goaz. Hori egon gara ikertzen azken urte honetan, eta gutxi gorabehera badakigu non dauden sarrera nagusiak. 2019an eten bat topatu genuen harresian, poterna deitzen den egitura da hori, eskubidezko pasabide bat, harresian bidezidorra litzakeena.

“Nahiko bitxiak dira bi aurkikuntza horiek; bai poterna eta baita horma luzitua ere ez dira oso ohikoak”

Harresiarekin jarraituz, deskubritu dugu ere lehenengo harresia buztin egosiko kapa batekin luzitua dagoela. Momentu honetan dugun teoria da harria babesteko baliatu zutela. Izan ere kareharri tupatsua da bertako arroka nagusia, eta oso erraz higatzen da. Nahiko bitxiak dira bi aurkikuntza horiek; bai poterna eta baita horma luzitua ere ez dira oso ohikoak.

Nekropolia identifikatzea da falta zaigun gauzetako bat. Burdin Aroan oro har hildakoak ehortzeko erabiltzen zuten teknika errausketa zen. Errautsak zeramikazko ontzi handian sartzea, lurrean zuloa egitea, ontzia lurrean sartzea eta harri batekin estaltzea zen, teorian, inguru Atlantikoan egiten zuten errituala. 

Babiora itzulita, jakin badakigu herri Iberiarrek edo Zeltiberiarrek nekropoliak herrixken kanpoaldean izaten zituztela, sarbideetatik gertu. Balizko nekropoli horren bila, Babion dagoen frantsezen koban sartu ginen. Bere garaian, 1981ean, Felix Murgak eta Armando Llanosek bi gorpuzki topatu zituzten bertan. Une honetan ez dakigu hezur horiek non dauden; ez daude BIBAT museo arkeologikoan, ezta Felix Murgak zuen museoan ere ez… galduta daude. Argazki bat badago, eta kokapenaren inguruan hezur gehiago bilatu genituen, baina ez genuen ezer topatu. Beraz oraindik ezin izan ditugu bertako balizko hezurrak eta Burdin Aroko herrixka korrelazionatu. Kondaira bat badago, agian gorpuzki horiek Independentzia Gerran aritu ziren frantsez batzuneak izan daitezke, baina hezurrak aurkitu ezean ezingo dugu jakin.

Eraikunzta fase desberdinak identifikatu dituzue ere?

Bai, maila ezberdinak ikusten dira. Zaharrena Brontze Aroaren amaierakoa litzake; bertan ikusten da harresiaren oinean nibelazio maila.

Zer nolako objektuak eta aztarnak aurkitu dituzue Babion egindako kanpainetan?

Orokorrean denetarik aurkitu dugu, zeramikazko materialei dagokienean. Biltegiratzeko zeramikak aurkitu ditugu, tamaina eta lodiera handikoak. Dekoratutako plater eta ontzi txikiak ere agertu zaizkigu. Dekorazioaren aldetik ere oso gauza anitzak topatu ditugu: kordoi formako markak, hatz-markak…

Metalezko hainbat elementu ere topatu ditugu, errematxeak nagusiki. Aurten topatu dugu piezarik apartekoena; gerriko dekoratu bat da. Filigranak ditu, oso polita da. Zaharberritzen ari dira une honetan. Asier Perez de Eulatek burdinezko lantza punta bat topatu zuen aspaldi Babioko lubakietan egindako indusketa batean, verutum bat izan zitekeen hori, hau da, ehiza egiteko edo Erromatarren tropak erabiltzen zuten horietakoa. Erromatar aztarna gehiago topatu dira, pilum lantza baten pasadorea esaterako.

“Karbono 14 teknika erabiliz daukagun dataziorik zaharrena kristo aurreko 740. urtekoa da, eta modernoena, berriz, kristo aurreko 420-430. urtekoa”

Aztarnategiko arrastoak datatzeko aukera izan duzue.

Orotara zazpi datazio egin ditugu, eta zortzigarrenean lanean ari gara orain. Orokorrean, daukagun dataziorik zaharrena kristo aurreko 740. urtekoa da, eta modernoena, berriz, kristo aurreko 420-430. urtekoa. Datuok Brontze Aroko amaieraren eta lehenengo Burdin Aroaren artean kokatzen dute herrixka bete-betean.

Hainbat elementu dira datatu ditugunak, karbono 14 teknika erabiliaz. Normalean ikatza da erabiltzen dena, baina guk animalien haginak baliatu ditugu, kolagenoaren proba eginez. Hain zuzen ere, animalien haginekin egindako datazio batek eman zigun K.a. 430 urteko adina.  Haziak ere baliatu izan ditugu, kronologia oso mugatua eskaintzen dutelako. Datatutakoek K.a. 500 urteko adina eman ziguten.

Zein zen datatutako garai historikoaren testuingurua inguruotan?

Iturri klasikoetara jotzen badugu, une horretan Aiaraldean bizi zirenak Autrigoiak zirela ondorioztatzen da. Kontuan hartu behar dugu iturri klasikoetan jasota dagoena 300 urte beranduago idatzia izan zela. Idatzi zutenaren eta errealitatean hemen zegoenaren artean alde handia egongo da ziurrenik.

Badakiguna da Brontze Aroaren amaiera migrazio handien garaia izan zela, Europa erdialdeko herri asko etorri ziren hona. Hain zuzen ere, migrazio horietatik babesteko asmoz uste dugu jo zutela Babio bezalako inguru seguruagoetara.

“Orokorrean ez daukagu garai horren inguruko informazio askoz gehiagorik, Santa Agedako eta Babioko herrixkaz gain, ez da besterik induskatu; datuak falta zaizkigu oraindik”

Bizimoduari dagokionez, abeltzainak ziren nagusiki. Erromatarrek Saltus bezala ezagutzen zuten zonaldea, ez da nekazaritzarako aproposa. Gaur egunera arte ere iraun du abeltzaintzaren tradizioak.

Kontuan hartu beharreko beste ezaugarri bat da biztanleen gehiengoa ez zela bizi Babioko bezalako herrixketan, baizik eta bailara osotik sakabanatuta. Ahalik eta espazio gehien lantzeko beharra zuten bizirauteko: basoak, errekak, kobazuloak… Klima kaskarragoa zen, hiru-lau gradu gutxiago egiten zuen oro har.

Orokorrean ez daukagu garai horren inguruko informazio askoz gehiagorik, Santa Agedako eta Babioko aztarnategietaz gain, ez da besterik induskatu; datuak falta zaizkigu oraindik. 

Gorobel inguruan badira megalito ugari, zer erlazio dute Babiokoa bezalako aztarnategiekin?

Megalito horiek Brontze Arokoak dira nagusiki. Gerora, denborarekin berrerabiliak izan diren espazioak dira horiek. Inguru horiek betidanik dira bertako biztanleen erritoekin edo ohiturekin lotutako tokiak. Gorobelen badira 200 kobazulo baino gehiago.

Almagro Gorbea historialariak erlijiotasun immanenteko leku bezala definitu zituen sentimendu erlijiosoak sortzen zituzten ingurune naturalak. Horrekin lotuta egon daiteke adibidez Ungino mendiko begia; hortik bailara osoa ikusten da, baita Peregaña eta Babio ere, Burdin Aroko herrixkak dauden guneak.

2018an lehenengo kanpaina egin zenutenetik, nola antolatu zarete aztarnategia induskatzeko?

2018koa Aiarako Udalak eta Izoriako Kontzejua finantzatutako proiektua izan zen. Hortik ateratako datuekin ikerketa proiektua abiatu genuen 2019an, hori Aiarako Udalak finantzatu du.

Aranzadi bitartez inkesta bat zabaltzen dugu urtero, eta kanpainan parte-hartu nahi duen jendeak izena ematen du. Lan boluntarioa da nagusiki, baina ikertzaileren bat ere kontratatu izan da aztarnategian topatutako materiala aztertzeko. Babiora etorritako boluntario gehienak Andaluziatik etorritakoak dira.

Egindako kanpaina guztiek bi asteko iraupena izan dute, eta abuztuko lehenengo hamabostaldian egin izan ditugu beti. Horrekin batera bisita gidatuak ere antolatu izan ditugu, kanpainaren lehenengo astea igarotakoan.

Bost urte hauetan aztarnategiko puntu ia guztiak aztertu ditugu, bai harresiaren barrukaldekoak baita kanpoaldekoak ere. Datorren urteari begira, gure asmoa da open area izeneko teknikarekin 15x15 metroko zonalde bat ikertzea. Eremu hori lehenego harresiaren barruan dago, eta lehen aipatutako terraza hartzen du bere baitan. Horren helburu nagusia da etxebizitza baten oinplanta topatzea da.

“Asmoa da dibulgazio liburuxka bat osatzea, guztion eskura egon dadin informazioa”

Non bildu duzue urte hauetan guztietan aztarnategitik ateratako material arekologikoa?

Legeak esaten duen bezala, material guztiak BIBAT museora bidali behar ditugu, Arabako Museo Arkeologikora, hain zuzen ere. Bertan gordetzen dira ikerketa abian dagoen bitartean. 

Nola aurreikusten duzu ixtea ikerketa lan hau guztia?

Ideia da beste hiru urtez aritzea ingurua induskatzen. Gero topatu dugun material guztia eta memoria guztia bateratu egingo dugu. Asmoa da dibulgaziorako liburuxka bat osatzea, guztion eskura egon dadin informazioa.

Azkenik Izorian eta Amurrion aztarnategiarekin lotutako karteleria jarri nahi dugu. Bisitariak hurbiltzen direnean modu erraz batean ezagutu dezaten bertan dauden elementuak: defentsa sistema, bizimodua, kokalekua…

Argazkiak: Aranzadi Zientzia Elkartea eta Josu Zaldibar

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide