Indarkeria matxistagatik inputatuta dauden herritarrak hauteskunde zerrendetan ez sartzeko konpromisoa eskatuko du EAJk Aiaran

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 10a, 13:02

Udal osoko bilkuran landuko da proposamena. / Aiaraldea.eus

Mozioa aurkeztuko du azaroko udalbatzan talde jeltzaleak, azken udal hauteskundeetan Aiaran aurkeztutako hauteskunde-zerrendetako batean indarkeria matxistagatik inputatutako hautagai bat zegoelako.

Aiarako EAJk mozioa eramango du hilabete honetako Udal Osoko Bilkurara eta testu horretan eskatuko die alderdi eta hauteskunde plataformei euren hauteskunde zerrendetan indarkeria matxistagatik inputaturik ez izateko.

Zehazki, dokumentuak honakoa adierazten du: 

  • Aiarako Udalean ordezkaritza duten alderdien eta hauteskunde-plataformen hauteskunde-batzordeei eta zuzendaritza-organoei eskatzea, azken batean, berrets ditzatela Aiarako udalerrirako hauteskunde-zerrendak zerrenda horietan ez sartzeko, inola ere, indarkeria matxistaren delituagatik inputatutako inor, eta, inputazioa sartu ondorengoa bada, zerrenda horietatik eta hauteskunde-kanpainetatik baztertzeko.
  • Erabaki honen berri ematea Aiarako Udalean ordezkaritza duten alderdien eta hauteskunde-plataformen zuzendaritzei.

Jeltzaleek azaldu dute zergatik sortu duten proposamena: "Aiaran aurkeztutako hauteskunde-zerrendetako batean, indarkeria matxistagatik inputatutako hautagai bat zegoen, eta, gainera, hauteskunde-kanpaina aktiboki egin zuen, argazkietan eta hauteskunde-ekitaldietan agertuta".

EAJren ustez, "egoera horrek haserrea eta atsekabea eragin zituen herritarrengan, indarkeria matxistagatiko inputazioaren aurrean zigorgabetasuna eta indarkeria matxistaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokan atzera egitea bezala ulertu baitzen".

Beste talde politikoen iritzia

Mozioaren harira, Aiara Batuzek azaldu du ez duela adierazpenik egingo eta mozioan agertzen den eskaeraren alde bozkatuko duela.

EH Bilduk, bere aldetik, iragarri du testuaren alde bozkatuko dutela, baina ñabardura gehitu dute: "Ondo dago indarkeriarem aurrean jarrera irmoak eskatzea baina ez genuke hain larria den gai hori alderkerietan ibiltzeko baliatu behar".

Horrela, koalizioak honakoa argudiatu du: "Argi dago guretzat biolentzia matxista marra gorria dela eta portaera horren zantzuak daudenean, pertsona horren egileari dimititzeko eskatzen zaiola. Holan azalduko dugu Udalbatzan aurkeztuko den dokumentu batean. EAJk aurkeztu duen mozioan, ordea, badirudi asmoa tratu txarrak errefusatzearekin batera  udaleko talde  batekin duten haserre politikoa nahastu egin dutela.  Guk ez dugu asmorik borroka horretan sartzeko. Gure jarrera biolentzia matxistaren uko oso argia da eta estrategia politikoak eremu horretatik kanpo geratu behar dira. EH Bilduk bere tresna propioak ditu marra hori gainditzen duen oro koaliziotik kanpo gera dadin, ezaguna denez".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide