Eukaliptoaren landaketa gelditzea eskatu du Aiarako Udalak, azken urteotan okupatzen duen azalera 13 aldiz biderkatu delako

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 28a, 07:00
Eukaliptoaren landaketa debekatzea proposatu dute mozioan. / Aiaraldea.eus

EH Bilduk eta Aiara Batuzek sustatu dute mozioa eta exijitu diote Arabako Foru Aldundiari espezie horren landaketa ekiditea, oso kaltegarritzat jotzen baitute.

Aiarako udalbatzak mozioa onartu zuen pasa den astean, Arabako Foru Aldundiari eskatzeko bertan behera uztea eukalipto landaketak. Zehazki, tokiko erakundeak eskatu dio Aldundiari espezie horren erabilera arautzea eta mugatzea.

Izan ere, "Aiarako kasuan, eukaliptoak azken hamar urteotan okupatutako azalera 13 aldiz biderkatu da, 523 hektareara iritsiz. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadi elkarteak egindako txosten baten arabera, eukaliptoaren sail handiek biodibertsitatearen galera larria ekartzen dute mendien malda handiengatik higadura prozesua larriak eta errekastoak eta ibaiadarrak lehortzea ekartzen dutelako", adierazi dute.

Hain zuzen, EH Bilduk eta Aiara Batuzek aipatu dute pinuen gaixotasuna dela eta, baso-jabetza kontzentratzen duten inbertitzaileek eukaliptoaren aldeko apustua egin dutela, itzulera ekonomiko azkarrak lortzeko.

Horrela, Aiarako Udalak iradoki dio Arabako Foru Aldundiari inguruko adibideak jarraitzea: "Bizkaiak 2026ra arte landatzea debekatu du eta Gipuzkoan baso-espezie guztiak moztea debekatu da, landatzen direnetik 25 urte igaro arte".

EAJren abstentzioa

EH Bilduk eta Aiara Batuzek alde bozkatu bazuten ere, EAJk nahiago izan zuen abstenitzea bi arrazoirengatik. Hala azaldu du Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak: "Alde batetik, gai hau jorratzen ari dira orain Aldundian, eta uste dugu lan hori errespetatu behar dugula. Bestetik, aurreko legealdian bi taldeek mozio bera aurkeztu zuten, baina Udalari exijituta eukaliptoen landaketa etetea, eredugarriak izateko. Aurreko legealdian esan genien tokiko erakundeak ez duela eskumenik hori arautzeko, eta ez dugu ulertzen orain, eurek kudeatzen dutenean tokiko erakundea, mozio bera proposatzea Arabako Foru Aldundiari begira".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide