Aingeru Olabarrieta gaztea Athletic Clubeko lehen taldeko deialdian sartu zen aste honetan. Izan ere, bilbotarrek Cayon klub kantabriarraren aurka jokatu zuten atzo Errege Kopan eta Ernesto Valverde entrenatzaileak aukera baliatu zuen titularrak ez diren jokalariak hasierako hamaikakoan jartzeko eta filialeko gazteak deitzeko.
Horien artean egon zen Aingeru Olabarrieta. Luiaondoarra lehenengo aldiz sartu da talde nagusiaren egunerokoan, baina ez zuen debutatu.
Edonola ere, Valverderen deiak aiararrak Bilbao Athleticen eginiko lana saritu du. Izan ere, denboraldi honetan jadanik hiru gol egin ditu, horietako bi AD San Juan taldearen kontra.