Aiarako EAJk oharra plazaratu du Etxaurren Ikastolako jolastoki inklusiboari lotutako egitasmoa dela eta. Jeltzaleek bat egin dute Guraso Elkartearekin eta eskatu diote Udal Gobernu Taldeari proiektu horretan dauden alde inplikatu oro deitzea bilera batera, nondik norakoak lantzeko.
Honakoa jaso dute oharrean: "Proiektua hezkuntza-komunitateak landu du, eta memoria/proiektu batekin amaitu da. Memoria/proiektu hori patio inklusiboei buruzko laguntza-deialdi batera aurkeztu da".
EAJk gehitu du azaroko batzordean informazio gehiago eta alde guztiak elkartuko zituen bilera exijitu zituela, baina hori ez dela gertatu.
Gauzak horrela, jeltzaleek honako hau eskatu dute:
- Etorkizunean, proiektu horretan interesa duten alderdi guztiei dei egitea.
- Proiektua gauzatzeko, dirulaguntza eskatu zeneko helburuak betetzea.
- Inplikatutako alderdiekin bilera egin ondoren, informazioa helaraztea.