Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Komikiko orrietan igarri egiten da oso ondo pasatu dudala marrazten”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abe. 16a, 07:00

'Sumidero' da Raisa Alavaren azken lana. / Raisa Alava

RAISA ALAVA (Zuhatza, 1990) Ilustratzaileak bere lehenengo komiki luzea argitaratu berri du: Sumidero. Azken boladako estilo koloretsua alde batera utzi eta zuri beltzezko erroetara itzuli da. Komikiaren sormen prozesuaz mintzatu da.

Zure lehenengo komiki luzea argitaratu berri duzu. Nolakoa izan da erregistro berrira egindako jauzia?

Egia esan, urte asko daramatzat fanzineak lantzen eta komikian marrazten oso era laburrean. Erronka oraingo honetan izan da luzapena, kostatu zait hizkuntza nireganatzea, baina azkenean, uste dut pozik geratu naizela emaitzarekin. 

“Niretzat kolorea gauza berri bat izaten jarraitzen du”

Azken urteetako estilo koloretsua alde batera utzi eta zuri beltzera igaro zara. Zergatik aldaketa? Nola definituko zenuke komikiaren estiloa?

Aldaketa baino buelta bat izan da. Niretzat kolorea gauza berri bat izaten jarraitzen du. Arte Ederrak ikasi nituenean, grabatuan ezpezializatu nintzen eta bertan bakarraik zuri beltza lantzen genuen, gehien gustatzen zaidan marrazkia marra gordinarena da. Faltan botatzen nuen hori, azkenean ilustrazioan lan egiten duzunean, normalean koloreak oso garrantsitzuak dira irudia deigarriagoa delako, eta hori lantzen ere asko dsifrutatzen dut. Baina, lehen esaten nuen bezala, bueltatu nahi nuen. 

Istorioak "bidaia kosmikoa" eskaintzen dio irakurleari. Zein da komikiaren ardatz nagusia? Zer aurkituko dugu bere orrietan?

Esango nuke nukleoa maitasuna dela, ez erromantikoa bakarrik, baizik eta lagunartekoa baita. Orrietan denetarik dago, humorea, etsipena, obsesioa... eta batez ere uste dut igarri egiten dela oso ondo pasatu dudala marrazten.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Zenbat denbora eskaini diozu proiektuari?

Hiru hilabeteetan marraztu dut, baina lan prozesuaren formula bilatzea denbora gehiago eraman dit. Komiki bat lantzearen beldurra niretzat zen aurpegi berdinak behin eta berriro errepikatu behar izatea, eszenatoki berdina beti kalkatu behar izatea... gauza horiek oso aspergarriak iruditzen zitzaizkidan. Imaginatu, autoreari aspergarria iruditzen baldin bazaio, zer pentsatuko dute irakurleek. Azkenean gidoia asko inprobisatu dut, pertsonaiari eta istorioari berari malgutasun gehiago emateko.

AIA argitaletxearekin argitaratu duzu lana. Nolakoa izan da haiekin lan egitea?

Editorea eta biok oso oso lagunak gara, beraz oso erraza izan da. Nire kabuz utzi dit eta erabaki guztiak bion artean hartu ditugu, nigan konfiantza osoa jarri du eta hori eskertzekoa da. Hoberena da.

Non eskuratu daiteke komikia?

Internet bidez, editorialaren webgunean, Amurrioko Bai Bada liburudendan, Bilboko Anti eta Naubis liburudendetan eta orokorrean liburudenda txikietan.

“Ez da bide erraza, lan asko egin behar da eta inoiz ezin zara despistatu”

Zeintzuk dira zure erreferenteak komikigintzan?

Apolo Cacho eta Lale Westvind esango nuke garrantzitsuenak direla, bata mexikarra eta bestea Estatu Batuetakoa. 
Oso aske marrazten dute, plazer handia da beraien komikiak ikustea, oso-oso onak dira. Jeinuak, jainkosak.

Frantziako Tourreko kartel ofiziala eta datorren urteko Azkena Rock Jaialdiko kartela sinatu dituzu besteak beste azken urtean. Nola baloratzen dituzu orain arteko lorpenak?

Eskertzen ditut lorpenak, niganako konfidantza baita. Ez da bide erraza, lan asko egin behar da eta inoiz ezin zara despistatu. Baina ez zait inporta, maite dut aukeratu dudan lanbidea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide