Txirrindularitzaren zaleek ezinbesteko hitzordua izango dute bihar Ibaguengo kirolgunean, Aiarako Ziklokros Lasterketa egingo baitute 9:00etatik aurrera. Ikusleek zein kirolariek ibilbide tekniko, gogor eta zigizagatsua izango dute eta, hori gutxi balitz, Omar Fraile (Ineos Grenadiers), Alicia Gonzalez, Gorka Izagirre eta Oier Lazkano (Movistar Team) edota Jonathan Lastra (Cofidis) profesionalen parte hartzea ere egongo da.
Biharkoa izango da probaren laugarren edizioa. 2019. urtean abiatu zuten ekimena Aiala Txirrindularitza Elkarteak eta Iñaki Isasi Taldeak eta, pandemiak eragindako etenaldian salbu, ez diote huts egin antolakuntzan aritzeari.
Kanpoko kirolari ezagunak ikusteko ez ezik, tokiko txirrindularien maila neurtzeko ere balio du probak. Izan ere, Iker Colmenerok, Hodei Muñozek, Lukene Trujillanok edota Iñaki Carrok garaipenak lortu dituzte aurreko edizioetan.
Ordutegiei dagokienez, irteerak honako hauek izango dira kategoriaka:
- 9:00etan Master 40/50/60
- 10:00etan Kadeteak
- 11:00etan Eskolak
- 12:00etan Emakumezkoen Opena eta Juniorrak
- 13:00etan Gizonezkoen Opena eta Master 30
- 14:15ean Sari banaketa