PRUDEN OTEGI

“Bistakoa da guretzat ezustea izan zela alkatetza lortzea, baina asteburu horretan bertan hasi ginen lanean”

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 17a, 07:00

Pruden Otegi, Udaletxeko bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

PRUDEN OTEGIk ezustean lortu zuen alkatetza ekainaren 17an eta erronka horri nola egin zion aurre azaldu du. Koalizioan gobernatzea nolakoa den edota plan estrategikoak ere aipatu ditu.

Ekainaren 17an alkate izan zinen ezustean, hirugarren indar bozkatuena izan baitzen EH Bildu. Nolakoa izan zen bat-batean astelehenean alkatetza zure gain hartzea?

EH Bildu hirugarren indarra da lau bozkaren aldeagatik. Lau boto baino ez, emaitzak beraz nahiko parekatuak izan ditugu udal gobernuan, gauden bi alderdiok.  Bistakoa da sorpresa handia hartu genuela, hortik aurrera egun pare bat izan genuen gure lan taldean agertoki berrian kokatzeko. Astelehenaz gain asteburu osoa izan zen nahiko bizia, gure lan plangintza egoera berrira egokitu behar genuelako, gure bizimoduak beste era batera antolatu… 

Beraz, astelehen hartan ardura berrietan lurra hartzen hasi ginen, langileekin hitz egin, lana antolatu… gauza asko berriak ziren guretzat, baina umiltasunez, langileen laguntzarekin, udal lanari ekin genion. 

Alkatea izendatu baino lehen baztertu zenuten Aiara Batuzekin akordioa lortzea. Aldiz, gero udal gobernua osatu duzue, nolakoa izan da prozesua?

Akordioa egiteko zailtasunak ikusten genituen, desadostasunak zeuden, baina ez genion elkarlanari bidea itxi. Planteatzen genuen gure arteko konfiantza josi behar zela, eta akordiorik egin ez arren, gure proposamena zen oposiziotik elkarrekin lan egitea, eta elkarlan horretan oinarrituta aurrera ateratzea hainbat gai, lan amankomun hori sendotzen joateko. Bide hori bera gobernu taldean egiten ari gara orain.

Nolakoa izan da zuen arteko elkarlana lehen hilabete hauetan?

Arlo ezberdinetako ardurak banatu ditugu udal gobernu taldea osatzen dugun sei zinegotzien artean. Ardurak eta kudeaketa, beraz, ez dira alkatetzaren bulegora mugatzen, neurriak, urratsak, proiektuak... arlo bakoitzeko zinegotzi arduradunak lideratzen ditu. 

Hori oso argi geneukan eta uste dugu, gainera, horrela izan behar duela, lantalde bat garelako. Gure arteko koordinazio horretan sakondu behar dugu, kontuan hartuta, gainera, zinegotzi gehienek lana eta ardura politikoa uztartu behar dituztela, eta horrek antolaketa berezia eskatzen du askotan. Zailtasunak zailtasun, gobernu taldea osatzen dugunok argi daukagu zein den lehentasuna, aiararrentzat lan egitea, eta horretarako ezinbestekoa dela adostea, udal taldearen barruan eta kanpoan. 

“Hainbat arlotako ardurak banatu ditugu udal gobernu taldea osatzen dugun sei zinegotzien artean”

Izan zenuten lehengo erronken artean Energia Berriztagarrien Sektore Planaren helegiteak izan zen, zer egin zenuten?

Lehengo eta behin ondo aztertu genuen arkitektuarekin eta Administrazio Batzarrekin eta bi ingeniaritza ezberdin kontratatu genituen, alde batetik, udal gisa alegazio orokorrak aurkezteko eta, bestetik, batzarrei euren alegazioetan laguntza emateko, bidea errazteko, helegite zehatzagoak aurkeztu behar baitzituzten. Hori guztia oso denbora laburrean egin behar izan genuen, baina helegiteak epe barruan aurkeztea lortu genuen. Uztailean izan zen hori eta egun oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Oso gatazkatsua izan da Aiaran ere eskola garraioa, zein izan da egoera?

Gure bailaran mugikoratsunarekin lotutako guztia oso konplikatua da, oso sakabanatuta dauden herrietan bizi garelako, eta etengabe behar dugu garraioa eguneroko bizitzan. Ikasturtea hasi eta haurrak eskola garraiorik gabe egoteak sekulako zailtasunak sortzen zituen familietan, gure ikasle gehienak garraiatuak direlako. 

Egundoko arazoa zen etxe askotan, eta horregatik ia egunero egin ziren mobilizazioak eta hainbat ekimen irtenbidea eskatzeko. Guraso elkarteko ordezkariekin batera Lakuara jo genuen eta Hezkuntza Saileko arduradunekin bildu ginen. Ematen zuen konponbide hurbilik ez zegoela eta bi egunetan konpondu zen. Baina esandakoa, eskola garraioa ezinbestekoa da gure udalerrian.
 
Zein prozesu edo erabaki azpimarratuko zenituzke lehen hilabete hauetan?

Energia Berriztagarrien planari egindako alegazioak, mugikortasunari dagokionean abian egindako urratsak, Batzar Administratiboekin batera diseinatu behar ditugunak, eta mendilerroaren erabilerak ordenatzeari begirako lanketa, adibidez. 

Beste proiektu batzuk daude, hasiera fasean edota finantzazioa lotzearen zain... Aipatutako horiek dira lehen hilabete hauetan, uda tarteko, garatuen dauden gaiak, baina bestelako arloetan hasi gara lanean.

Zeintzuk izango dira legealdi honetako erronkak?

Mugikortasuna gai garrantzitsua da Aiaran, Administrazio Batzarren eta Udalaren arteko elkarlanean ere sakondu nahi dugu, hortik etorriko baita herritarren beharrizanei eman beharreko erantzun asko; baso kudeaketan eredu berri bat garatu eta energia trantsizioa dira erronka nagusiak. 

Badakigu energia eraldaketa egitearen beharra dagoela, baina modu garden eta antolatuan egin nahi dugu, parte hartzea ahaztu gabe. Eta beste arlo askotan daude erronkak, euskararen arloan, kultura eta kirol eskaintzari dagokion guztian, gazteentzako interesgarri izan daitezkeeen zerbitzu berrietan, bakardadeari aurre egiteko ekimenetan... 

Horietako batzuk aztertze fase batean daude, beste esperientzia batzuetara hurbildu gara Aiararentzat egokien izan daitekeen sistema diseinatzen hasteko. Esaten nuen bezala, aztertze fase horretan gaude zenbait ekimenekin, proiektuak buruan ditugu baina forma emate horretan gaude, proposamen zehatz bat aurkeztu aurretik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide