Harsco multinazionalak lantegi berria irekiko du Murgan eta obrak hasi ditu jadanik

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 28a, 13:00

Hasi dira jadanik Murgako obrak. / Aiaraldea.eus

Ekoasfaltoa sortzera bideratuko du enpresak bere jarduera, altzairutegien hondakinak birziklatuta.

Harsco multinazioanalak obrak abiatu ditu Murgan lantegi berria eraikitzeko. Kider enpresak okupatzen zuen lursaila eskuratu du konpainiak eta bi ekoizpen prozesu egingo ditu bertan. Alde batetik, altzairutegien hondakinak birziklatzea eta, bestetik, horiekin ekoasfaltoa produzitzea, zeinak karbono aztarna txikiagoa duen.

Harscoren aurreikuspenak dira 195.000 tona tratatzea urtero eta hedabideetan azaldu dutenez, harreman estua dute inguruko altzairutegiekin (Sidenor, Arcelor Mittal...). Berez, altzairua ekoizteko hornitzen ditu multinazionalak enpresa horiek eta orain produktu horrek sortzen dituen hondakinen %95a berreskuratzea du helburu.

Harscok urrian eskuratu zuen baimena lanak hasteko eta urtarrilaren 8an ekin zion obrak egiteari. Bere ideia da udan bertan irekitzea fabrika berria.

Eusko Jaurlaritzaren bultzada

Egitasmoa lotuta dago Eusko Jaurlaritzak sustatutako hainbat proiekturi, ekonomia zirkularra bultzatzeko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Euskadi 2030 Planaren barruan. Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila 11 proiekturen atzean egon da hondakinak balorizatzeko eta 31,2 milioi euroko dirulaguntzak banatu ditu jadanik.

Harsco enpresa estatubatuarrak 32 herrialdetan funtzionatzen du eta altzairuaren ekoizpenerako osagaien munduko hornitzaile handienetakoa da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide