Serie B Txapelketako Binakako finalerdiek zapore aiaraldearra izango dute Orozkon. Izan ere, ligaxka horretan Arkaitz Eskuza eta Iker Larrazabal arituko dira martxoaren 1ean, ostiralean. Lehen jardunaldi honetan ez dira aurrez aurre egongo, baina helduko zaie horretarako unea.
Hori bai, Orozkoko jaialdira heltzeko, Iker Larrazabalek eta Iosu Eskirozek proba gogorra gainditu behar izan dute gaur Larraintzarren. Izan ere, 22-9 emaitzak kontrakoa iradokitzen badu ere, partida gogorra izan da. Larrazabalek aurrelari puntu fin batzuk lortu ditu, baina bost aldiz kale egin du eta ez da eroso aritu, bereziki hasieran.
Zorionez, Olabezarreko pilotariak eskarmentu handia metatu du eta jakin izan du pilotakada ugariko puntuak jokatzen eta Eskirozengan konfiantza eta koordinazioa erakusten. Une distiratsu gutxiko norgehiagokan, Larrazabalek ofizioa eta pazientzia jarri ditu mahai gainean, eta sei puntu egin ditu zuzenean eta besteen akatsak eragin ditu horrek.
Gogoratu beharra dago Larrazabalek eta Eskirozek irabazi zutela txapelketa eta, hortaz, aurten presio gehiago dutela.
Hiru bide daude pilotari aiararra zein Arkaitz Eskuza ikusi ahal izateko: Baikoko webgunean lor daitezke sarrerak 15 euroren truke. Orozkoko udaletxean, aldiz, 10 eurotan egongo dira salgai.
Horrez gain, Aiaraldea Komunikabideak Orozkoko Udalaren babesarekin egingo duen zozketan izena emateko aukera dago.