Soloitza gaztandegi aiararra, Euskal Esnekigileen Elkarte sortu berriko kide

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 27a, 06:30

2020an sortu zen Arespalditzako Soloitza gaztandegia. / Aiaraldea.eus

Soloitza gaztandegi aiararra Euskal Esnekigileen Elkarte sortu berrira batu da. Guztira 29 ekoizlek osatzen dute elkartea, eta sektorea indartzea eta gizartearen esnekiekiko interesa sustatzea dute helburu.

Arespalditzako Soloitza gaztandegia Euskal Esnekigileen Elkarteko kide izango da aurrerantzean. Elkartea 2023an sortu zuten bost ekoizleren ekimenari esker. Gaur gaurkoz 29 esnekigilek osatzen dute hau, eta guztien artean ehundik gora esneki produktu ekoizten dituzte. Elkarteak sektorea indartzea eta gizartearen esnekien interesa sustatzea du helburu. 

Euskal Herriko esnekien aberastasuna aldarrikatu eta zaindu nahi ditu elkarteak, "lurraldean ondo errotutako sektore bat" indartuz. Elkartearen jaiotza mugarria dela adierazi dute: "Elkarte aitzindaria da, hiru abeltzaintza-espezieen esneki eta esne mota guztiak ekoizten eta eraldatzen lan egiten duten euskal profesionalak elkartzen baititu lehen aldiz".

Elkartearen helburuak

"Sektorearen eta bertakoaren alde eginiko lana ezagutzera ematea, dibertsifikazioa ardatz eta indargune izanik", horrela adierazi dute Euskal Esnekigileen Elkarteko kideek hasi berri den urterako markatutako helburua.

Ekoizleak eta kontsumitzaileak hurbildu nahi dituzte, ,ekoizle guztien lana desberdina izanda ere ere, erakunde eta kontsumitzaileen aurrean batasuna adierazten.

Halaber, sektoreko profesionalen interesak, beste alor batzuetan ere defendatzeko bokazioa adierazi du elkarteak: "Profesionalen interesak ordezkatuko eta gauzatuko ditugu administrazioaren aurrean eta osasun-agintaritza eskudunekin koordinatzeko bitartekaritza eskainiko dugu. Kolektiboaren prestakuntza beharrak kudeatzeko plataforma gisa funtzionatuko dugu, elkartekideen garapen tekniko zein enpresarialerako baldintzak hobetzeko lan eginez".

Elkarteko ateak "zabalik daudela" azaldu dute, interesa izan dezaketen Euskal Herriko gainontzeko esne ekoizleentzako. Elkarteari buruzko informazio guztia Interneteko web orrian plazaratu dute.

Soloitza gaztandegia

Arespalditzan dago kokatuta Soloitza gaztandegia, eta 2020an ekin zion ibilbideari. Behi esnearekin ekoizten dituzte produktuak; jogurtak, gazta freskoak eta gazta urdinak nagusiki. Hain zuzen ere, bertan ekoiztutako Eskutxi gazta urdinak lehenengo saria jaso zuen 2022an Tolosan egindako Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Txapelketan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide