Zer iritzi duzu azken asteetako lehen sektoreko mobilizazioen inguruan? Bat egiten duzu?
Asuntoa ez da babestu edo ez babestu, asuntoa da lehen sektoreak bizi duen egoera jasangaitza dela. Izugarrizko exijentzia zorrotzak ari gara jasotzen, baserritarrontzat jasangaitzak direnak. Bien bitartean hala moduzko produktu tonak eta tonak datoz atzerritik, kamioi erraldoietan.
Nora goaz horrela? Baserritarrak neurri zorrotzen artean itzotzen gaitzuten bitartean; bal al dakigu zein lan-baldintzekin ekoiztu diren kanpotik datozen produktu horiek guztiak?
Zein izan da azken urteetako lehen sektorearen bilakaera Aiaraldean?
Azken urte hauetan kostu finkoek izugarri egin dute gora, baserrien errendimenduak, ordea, ez du inolako bilakaerarik izan. Hau da; baserriko artaldeak edo aziendak eman dezakeena bakarrik ematen du, animaliak dira, ez makinak. Bien bitartean zerealen, erregaien edota ibilgailuen prezioek eskandaluz egin dute gora.
Gastuak ez dira asumigarriak, ezin dugu kostu finkoen igoera hori guztia saltzen dugun produktuan kargatu. Bezeroek pentsa dezakete produktua garestia dela, baina ez da guztiz egia, gure marjinak asko murriztu dira; produktuaren prezioa ez da gure bizitza garestitu den bezainbeste igo. Gure soldatatik ari gara murrizten orain.
Urteak daramatza sektoreak egoera larrian, ez da azken asteetako kontua, honek laster egin beharko du eztanda. Traktoreen mobilizazioak ikusi ditugu berriki; norbaitek galdetu dio bere buruari zenbat balio duen traktore batek? Zenbat denbora behar dugun traktore bat ordaintzeko?
Ez badugu sektorea bultzatzen, aurki 3D makinekin inprimatutako janaria jan beharko dugu, etorkizunean inork ez duelako baserrian lan egin nahi izango. Oso lan gogorra da hau.