Luiaondoko ama talde batek Aiarateka Kultur Elkartearen proiektua aurkeztuko du gaur. Ideia umeak autobusean utzi eta gero hartzen duten kafean bururatu zitzaien eta gaur partekatuko dute herri osoarekin. "Eskola zaharretako eraikinari oso erabilpen gutxi ematen zaiola ikusten dugu", adierazi dute.
Hitzordua 17:30ean izango da Otueta Gizarte Etxean eta umeentzako jarduerak eta askaria antolatuko dituzte.
Proiektuari berari dagokionez, luiaondoarrek anbizio handiko egitasmoa sustatu nahi dute:
- Hainbat jarduera eta proiektu bultzatzea, bai adin berekoen arteko harremanak zein belaunaldi anitzen artekoak ehuntzeko helburuarekin.
- Aiarako kultura eta historia herritarrei modu ludikoan zabaltzea.
- Sormena, euskararen erabilera, etikaren eta komunitatearen balioak, berdintasuna… sustatzea.
- Esperientziak eta bizipenak partekatzeko, ikasteko eta elkar trukerako topaleku bilakatu.
- Aiara osatzen duten 24 kontzejuak herritarrengana hurbildu. Nahiz eta Luiaondo biztanleria gehiena biltzen duena izan, beste kontzejuekin batera elkarlana piztu eta saretu.
- Landa-eremura eta ekoizleen sarera hurbildu.
Horiek dira ekimenaren ardatzak, baina herritarrek eurek izango dute azken hitza, elkarlanean garatzeko ideia baita: "Jarduera eta mikroproiektu posible asko dauzkagu buruan, baina, egia esan, gustatuko litzaigukeena da denboraren poderioz eta jendeak berak eta hainbat eragilek (Udalak, osasun zentroak, beste elkarte batzuek...) proposamenak erakartzea eta hoien inguruan lan egitea, programatzea, haztea…".