Gardentasunari aitortza jaso du Arespalditzako Alday erresidentziak

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 29a, 09:49

Isaac Riu, Josep de Marti eta Irati perez Alday erresidentziaren ziurtagiriaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Alday erresidentziak InfoResidencias web atariaren aitortza jaso du, gardentasunaren alde egindako lanagatik.

Info-residencias webgunearen aitortza jaso du Arespalditzan kokatutako Alday erresidentziak. Iragan martxoaren 26an jaso zuen aitortzaren ziurtagiria eta plaka, Josep de Mart InfoResidencas atariaren sortzailearen eskutik.

Duela 24 urte Katalunian sorturiko proiektua da InfoResidencias, nagusien egoitza desberdinak alderatzeko webgunea da, eta arreta berezia eskaintzen dio egoitzen gardentasun politikari. Alday erresidentziak bide horretan egindako ahalegina aitortu du de Martik : “Alday erresidentziak dokumentazio guztia egin du publiko, baita ikuskaritza aktak ere. Izugarrizko konpromisoa da hori, eta jendeak balioan jartzen du”.

Gardentasuna ezinbesteko balioa dela azpimarratu du de Martik: “Erresidentziek, oro har, mesfidantza asko sortzen dute jendartean, eta are gehiago pandemiaz geroztik. Izan ere, asko zabaldu zen erresidentziek txarto funtzionatu izan zutenaren zurrumurrua. Uste dut hori bidegabea dela, erresidentzia askok eta askok oso ondo funtzionatu zutenean”. Erresidentzien atzean dagoen errealitatea epaitzeko bertatik bertara ezagutzea ezinbestekoa dela eutsi dio InfoResidenciaseko sortzaileak, “eta horretarako gardentasuna nahitaezkoa da”.

“Ez dugu ezkutatzeko ezer” azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Alday erresidentziako kide den Isaac Riuk; “ziurtagiri guztien eta garatzen goazen lan guztiaren berri ematen dugu”. “Gardentasuna balio erantsi bat da guretzat, eta egoiliarrekin eta haien familiekin dugun komunikatzeko bidea ere bada. Familiak informatuta egotea nahi dugu uneoro, eta, noski, familiengandik informazioa jaso ere”.

Azken finean, familiei erresidentziako lan egiteko modua zein den erakustea da Alday fundazioaren helburua. “Guretzat gardentasuna konfiantza da, nola lan egiten dugun ikustea nahi dugu”, azpimarratu du Riuk.

“Egoitza aitzindaria gara zentzu horretan, beti dugu proiektu berriren bat esku artean”, azaldu du Irati Perez Alday erresidentziako kideak. Azken ahaleginetako bat erorketa eta abarren aurrean pertsonak eusteko sistemak kentzea ari da izatean; horretarako, Cuidados Dignos Fundazioarekin ari dira lanean, eta lehenengo ziurtagiriak lortu dituzte honezkero.

Alday erresidentzia

Duela 125 urte sortu zen Alday fundazioa Arespalditzan bertan. Alday sendiaren etxea ospitalea, eskola eta nagusien erresidentzia izan da urte luze hauetan. Gaur egungo egoitza bilakatu aurretik nagusientzako etxebizitza komunitario bat ere izan zen.

2018an izan zen aldaketa nagusia, Alday familiaren etxebizitzaren aldamenean gaur egungo egoitza eraiki zutenean. Gaur egun bertan artatzen dituzte egoiliarrak gau eta egun. Horrez gain, eguneko zentroa ere badago bere azpiegituraren barruan, Aiarako Udalak kudeatzen duena. Azken erreformaren ostean 45 plaza ditu erresidentziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide