CO2 hustubideen eginkizuna da isurketa mota horiek harrapatzea atmosferatik eta modu horretan aldaketa klimatikoari aurre egitea. Horrelako gune bat sortuko du Arabako Foru Aldundiak Murgako eremu degradatu batean, tokiko zuhaitzak zein zuhaixkak landatuta.
"Kontrolatu gabeko betegarriak eta hondakin isurketak daude, eta haien ondorioz ingurune naturala degradatu egin da", azaldu du erakunde publikoak, "eta, horren ondorioz, landaredia desagertu da eta higadura arrisku larria dago zonalde horretan".
Helburua betetzeko finantzazioaren % 40 hartuko du bere gain Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF). 59.986,92 euro balioko dute Murgan eta Arabako beste zazpi udalerritan —Azazeta, Turiso, Orbiso, Urizaharra, Espejo, Zalduondo eta Asparrena— egingo diren lanek.