Aiarako Udalaren webgunearen eta sare sozialen kudeaketa “pribatizatzea” leporatu die EAJk EH Bildu eta Aiara Batuzi

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 17a, 22:07

Gentza Alamillo zinegotzi jeltzalea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Jeltzaleen aburuz, “enpresa lagunei mesede egitea” da Udal gobernuaren helburua. 

“Zerbitzuak pribatizatzen” ari da EH Bildu eta Aiara Batuzek osatutako Udal Gobernua, EAJren ustetan. Zehazki, “sare sozialetako profil instituzionalak kudeatzeko eta udalaren web-orrirako edukiak sortzeko” kontratu bat ateratzea leporatu diote jeltzaleek Udalari.

Gentza Alamilloren aburuz, “udal zerbitzuen eta informazioaren pribatizazio argia” da hori, eta “enpresa lagunei mesede egiteko helburuarekin” egin da.

“Orain arte, udal teknikariek eta udal batzordeetako lehendakariek kudeatzen zuten Udalaren profila Facebooken”, azaldu du bozeramaile jeltzaleak. Bere ustez, "erabat tamalgarria” da EH Bildu “pribatizazio joera hori sustatzen aritzea” Aiaraldean gobernatzen dituen herrietan, “zerbitzu publikoak udalerriarekin konprometitutako langile kualifikatuen esku mantendu beharrean".

Alamilloren hitzetan, “funtsezkoa” da sare sozialen kudeaketa eta udal webgunerako edukiak sortzea, “herritarrekiko komunikazio eraginkorra eta gardena bermatzeko”. Horri lotuta, alkate ohiak nabarmendu du sistema horrek “ezin hobeto” funtzionatu duela aurreko legealdietan, “agintaldi honetako lehen urtea barne”. 

Gauzak hala, “pribatizazio-erabaki hori berriz aztertzea” eskatu diote EAJko kideek Udal Gobernuari, “baliabide publikoen erabilera eraginkorrari lehentasuna emateko”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide