Alimco-Campagnolo taldeko Hodei Muñoz luiaondoarra Espainiako Juniorren Cofidis Kopan parte hartzen ari da eta, momentuz, emaitzak oso positiboak erdiesti ditu.
Seigarren izan zen lehenengo etapan, Extremadurako Don Benito udalerrian, otsailaren 24an. Bera bakarrik sartu zen helmugan eta ahalegina exijitu zion horrek, lehen hiru sailkatuek ihesaldi luzea egin baitzuten. Pasa den asteburuan, ordea, Kataluniara jo zuen Muñozek bere taldearekin, La Canonjara, hain zuzen, Tarragonan.
Lasterketa gogor baten ostean (aldapak eta ihesaldi saiakerekin), esprintean erabaki zen garaipena eta hirugarren sailkatu zen aiararra. Muñozek azpimarratu du taldearen lan aparta podium hori lortzerako orduan.
Bi lasterketa horiekin, Muñoz hirugarren kokatu da sailkapen orokorrean, 86 punturekin. Tomas Pombo liderrak 90 puntu ditu eta Jose Maria Pinak (bigarren doana) 87.
Gauzak horrela, asteburu honetan Kordobara joko du luiondoarrak eta buruan duen xedea da lidergoa eskuratzea. Hori lortuko balu, abuztura arte hiru etapa gehiago izango lituzke postuari eusteko: Gasteizen, Peñafielen eta Benageberen.