Ekitaldi hunkigarria egin dute gaur goizean Arespalditzako Alday Egoitzako lorategian; Gernikako Arbolaren oinordekoa landatu dute bertan. Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, parte hartu du ekitaldian, noiz eta Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren bezperan. Landatutako haritza "gure herriaren askatasunen, eskubide historikoen eta bake-irrikaren ikur eta ikono unibertsala" dela aldarrikatu du Otaduik.
Otaduiren homologo arabarrak, Irma Basterrak, ere parte hartu du ekitaldian; baita Pruden Otegi Aiarako alkateak eta Ander Añibarro Laudioko zinegotzi jeltzaleak ere.
Conchi Elorza gogoan
Ekitaldian oso presente izan dute Conchi Elorzaren figura, Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen egoitzako egoiliarra. Duela bi urte zendu zen Elorza, eta senideek eta egoitzako arduradunek omenaldia eskaini nahi izan diote. Ekitaldian Conchi Elorzaren ahizpa gaztea egon da presente, Gernikako bonbardaketaren egunean jaioa.
Senideek oso hunkituta oroitu dute Conchi Elorzaren figura, eta bere "izaera indartsu eta borrokalaria" goraipatu dituzte.