Aiarako San Prudentzio jaietan eginiko jardueren %54,5a izan da euskara hutsez. Hori ondorioztatu daiteke Udalak berak eginiko zenbaketa ikusita. Tokiko erakundeak bat egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren Euskararen Semaforoa tresnarekin, eta egitasmo horren irizpideen arabera sailkatu ditu egitarauko jarduerak.
11 ekintza zenbatu ditu Udalak guztira. Horietako 6 izan dira "euskara hutsez", 3 izan dira "nagusiki euskaraz" eta bakarra (Kaos Etilikoren kontzertua) sailkatu dute gaztelerazko jarduera moduan, "baina euskaraz egiteko aukerarekin":
Hala ere, kontuan hartu behar da egitarauak 26 ekintza barnebildu dituela guztira. Hau da, Udalak erdia baino gutxiago sailkatu du hizkuntza irizpideen arabera, zaila delako ebaztea jardueretako askotako hizkuntza zein izango den (txupinazoa edota odoloste-janekoa, kasu). Hemen ikus daiteke ekintza bakoitzari eginiko sailkapen zehatza.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bi urte daramatza Aiarako jaietan euskarak duen presentzia aztertzen. Hemen ikus daiteke 2022ko eta 2023ko datuen araberako alderaketa.
Aiaraldea Komunikabideak datozen herrietako jai guztietako egitarauak aztertuko ditu, euskararen presentzia zenbatekoa den ikusteko. Egitaraua Euskararen semaforoaren arabera sailkatuta badago, irizpide hori baliatuko da zenbaketa egiteko. Bestela, berea propioa egingo du komunikabideak, jarduera bakoitzaren ezaugarriak aztertuta.
Eskualdeko udalerri gehienek egin dute bat jaietan euskararen presentzia sustatzeko Euskalgintza Kontseiluak abian jarritako ekimenarekin. Aiarako jaien atarian egin zuten hori iragartzeko ekitaldia: