Zorroza Gestión de Residuosek jasotako "zigor biguna" salatzeko mobilizazioa egingo dute maiatzaren 15ean

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 10a, 15:30

2020an enpresa aurrean egindako elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

19:30ean izango da protesta enpresaren aurrean, Murgan. SOS Aiaraldea plataformak egin du deialdia.

LAB sindikatuak oharra plazaratu du jakinarazteko batuko dela maiatzaren 15ean Zorroza Gestión de Residuos enpresaren aurrean egingo den mobilizaziora. SOS Aiaraldeak antolatu du protesta salatzeko Bassirou Dioneren heriotza eta aste honetako epaia, zeinean enpresako arduradunek urte eta erdiko espetxe zigorra jaso duten.

Sindikatuak gogoratu du gertatutakoa estaltzeko ahalegina egin zutela enpresako arduradunek, langilea zortzi metroko altueratik amildu ostean. "Zorrozako kudeatzaileak langile batzuk behartu zituen Bassirou Dioneren gorpua mugitzera, bere ohiko lanpostura gerturatzeko" azaldu du antolakundeak.

Sindikatuaren arabera, ondoren, mehatxu eta agindu zehatzak eman zizkien langile guztiei: “Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori dela... Zintatik erori dela!”.

Hildakoaren senideen egoera prekarioa baliatu

LABen aburuz, heriotzaren ondoriozko epaia biguna izan da enpresako zuzendaritzak akordioa lortu duelako fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin. Horrez gain, sindikatuaren aburuz, Administrazioak ontzat jo du hori: "Familiaren egoera prekarizatua erabilia izan da dirutruk irtenbide merke bat topatzeko eta horrek prozesuaren larritasuna areagotzen du, zeinetan justiziak berak prekarizazio hori onartu duen azken uneraino".

"Lan esparruko Guantanamoa"

Halaber, sindikatuak azpimarratu du azken urteetan enpresa hori eskubiderik gabeko eremua izan dela beharginentzat, hurrengo baldintzekin:

  • Eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak.
  • Enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen.
  • Lan-erritmoak oso altuak dira.
  • Ez zegoen fitxatzeko sistemarik.
  • Langileek ez dute inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.
  • Langileak haien osasun eta segurtasuna arriskuan jarriz lan egitera behartzen dituzte.
  • Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txar jarraituak egon dira.
  • Eraso fisikoko gertakari bat behintzat egon da.
  • Enpresa hainbat lan istripu ezkutatzen ahalegindu da.
  • Instalazioen garbitasuna desegokia.
  • Soldatak baxuak dira.

Bide batez, LABek erantsi du konpainiaren kudeaketa zalantzan jartzeko modukoa izan dela eta horren adibide izan dela 120.000 euroko isunak jaso dituela hainbat irregulartasun direla medio.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide