Bihar izango da San Isidro Azoka Arespalditzan. Ondo eta sakon errotuta dagoen ospakizun horrek herrigunea hartuko du goizeko lehen ordutik Pirenaika Arrazako VIII. Lehiaketarekin. Zehazki, abereak 08:00etatik aurrera helduko dira eta 13:30ean egingo dute sari banaketa.
Bien bitartean, San Isidro Txiki haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute herriko Gizarte Etxean. Hori bai, atzo amaitu zen izena emateko epea.
Edonola ere, 09:30ean hasiko da produktuen azoka eta erakustaldia eta 11:00etan Salvadorreko Landa Eremuko Emakumeen Sareari buruzko erakusketa inauguratuko dute Gizarte Etxean. Ordu erdi beranduago Kalakaren egurrezko jokoak erabiltzeko aukera emango dute eta 12:00etan abiatuko dituzte haurrentzako tailerrak.
Eguerdian bi ekintza gehiago egongo dira. Alde batetik, meza, eta bestetik Soloitza Gaztandegiaren gazta dastatzea, Gizarte Etxean berriro ere.
13:30ean helduko da herri kirolen ordua eta jarraian izango da herri bazkaria, 14:30ean. Aiarako Udaletxean izena eman eta ordaindu beharra dago aurretik.
Bola Txapelketa
Horrez gain, eta ohiturari eutsita, ostiralean bola txapelketa antolatuko du Aiarako Bolatoki Klubak Kexaan. 18:00etan hasi eta 20:00etan amaituko da eta igandean azken jaurtiketak egingo dituzte 12:00etan.