“Langile migratuen esplotazioarekin aberasten den sistema kapitalista kolonial baten ondoriozko istripua izan zen Zorrozakoa”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 16a, 13:13

Dozenaka lagun bildu ziren atzo Murgako lantegiaren aurrean eginiko elkarretaratzean. Zorroza enpresaren ardura zuzena seinalatzeaz gain, Atzerritartasun Legea bertan behera uztea exijitu zuten bertaratutakoek. 

Iragan astean izan zen Zorroza Gestión de Residuos lantegian duela lau urte jazotako lan heriotzaren ondoriozko epaiketa, eta atzo dozenaka lagun bildu ziren Murgako lantegiaren aurrean, auziaren ebazpena salatzeko. 

2020ko otsailaren 23an gertatutakoa ekarri zuten gogora mobilizazioan. Egun hartan galdu zuen bizitza Bassirou Dionek, 24 urteko gazte senegaldarrak. “Ia 9 metroko altueratik amildu zen, inolako segurtasun neurririk gabe zegoenean”, nabarmendu dute atzoko mobilizazioko deitzaileek, “eta ez hori bakarrik: gertatutakoa ezkutatzen saiatu ziren, gorpua mugitzera behartuz langileak, istripua beste toki batean gertatu zenaren plantak egiteko”.  

Nabarmendu dutenez, “langileen eskubideen kontrako esplotazio sistematikoa” zegoen Zorrozan, “eta hala izaten dihardu”. Gauzak hala, ziurtatu dute Dioneren heriotza ez zela “kasu isolatu bat” izan, aurretik ere beste hainbat lan istripu gertatu zirelako. 

Epaiketaren ebazpena ere kritikatu dute: Urte eta erdiko kartzela zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordainak Zorrozako arduraduenntzat. Horren aurrean, salatu dute sistema honetan “merke” ateratzen dela langileen aurkako esplotazioa, eta “are merkeagoa” ateratzen dela “langilea kanpotik bizitza hobe baten bila etorritakoa bada”.

Atzerritartasun Legearen aurkako aldarria

Era berean, aldarrikatu dute Zorrozako lan heriotza “langile migratuen esplotazioarekin aberasten den sistema kapitalista kolonial baten” ondoriozkoa izan dela, eta horrek badituela “arduradun politikoak”.

Horri lotuta, Atzerritartasun Legea bertan behera uztea exijitu dute, “funtsezko baldintza delako Aiaraldeko bizilagun guztiek, datozen lekutik datozela, modu duinean lan, ikasi eta bizi ahal izan dezaten”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide