Iruñeko Labrit frontoira jo zuten pilotazale aiaraldearrek bihotzekoa izatetik oso gertu ibili ziren atzo Iker Larrazabalen partidan, baina, zorionez aiararrarentzat, denak ondo amaitu zuen eta Serie B Txapelketako onena izendatu zuten, Asier Agirre garaituta.
Edonola ere, bidea ez zen erraza izan eta finalak gorabehera izugarriak izan zituen. Agirrek etxean jokatu zuen eta bere esperientzia eta fisikoa baliatu zituen Larrazabal ataka larrian jartzeko. Horren adibide izan zen partidaren hasiera, zeinean 4-0ko aldearekin jarri zen nafartarra. Dena den, Larrazabalen teknika bikaina ezin da mespretxatu eta horrela lortu zuen Amurrio Pilota Clubetik ateratako gazteak markagailua iraultzea, 4-5 jarrita.
Hala eta guztiz ere, norgehiagokak ez zuen etenik izan eta Agirrek berriro aurrea hartu zuen, 10-5 emaitzara joanda. Orduan, Larrazabalek bere kolpe errepertorioa atera zuen eta 11-16ra eraman zuen markagailua.
Larrazabalen nagusitasuna ezarriko zela zirudienean, ordea, Agirrek bere onena eman eta berdindu zuen, baita 19-17 jarri ere. Une kritiko horretan, aiararrak bere eskuen balioa mahairatu zuen eta 19-21ra heltzea lortu zuen.
Ematen zuen partida erabakita zegoela, baina Agirrek ez zuen atzera egin eta berdinketa erdietsi zuen. Eta ez hori bakarrik, erasoan hil zen nafarra, baina azken puntuan kale egin eta Iker Larrazabali eman zion garaipena. Irabazteko moduko errematea bururatu zitzaion Agirreri bere azken jokaldian, baina ez zuen lortu egikaritzea.
Horrela, poztasuna piztu zen Labriten Aiaraldetik joandakoen artean, bai harmailetan zein kantxan (Koldo Iriarte izan zen Larrazabalen botileroa). Hedabide gehienek azpimarratu dute Asier Agirreren partida, bere esku egon baitzen azken kolpea, baina berdintasuna erabatekoa izan zen eta estatistika horren isla da. Esaterako, Agirrek sei sake egin zituen eta Larrazabalek bost.