Aiarateka elkarteak kafea egingo du bihar 16:30ean Alday nagusien egoitzan. Ekintza horren helburua da azaltzea zein egitasmo abiatuko duten, belaunaldi anitzeko herritarrek zentroko erabiltzaileak ezagutu ditzaten eta denbora partekatu dezaten eurekin.
Biharko hitzordua adinez nagusientzat bada ere, ekainetik aurrera egingo dituzten deialdietan familiako kide guztiak batzea da xedea.
Hain zuzen, ekainaren 11n fruta arbolak landatzea proposatuko dute, ortugintza baita belaunaldien arteko jakintza trukea egiteko aitzakia paregabea, elkartearen aburuz. Egun horretan Zaira del Rio agrokologian adituak zenbait irizpide azalduko ditu zuhaitzen zein eurentzat onuragarriak diren beste espezieen landaketari eta zaintzari buruz.
Hitzaldi labur horren ondoren, zentrora bertaratutakoek eta erabiltzaileek euren indarrak batu eta hainbat landare landatuko dituzte, elkarlanean. Asmoa da lan horren bitartez elkar-ezagutza sustatzea. Amaitzeko, baratzari lotutako ipuina irakurriko dute. Bi orduko iraupena izango du jarduera osoak.
Deialdian parte hartzeko interesa dutenek Aiarateka elkarteko telefono zenbakira dei dezakete: 688 87 56 20.