Arabako Foru Aldundiak ez du parte hartuko Christie´s etxeko 'Kexaako bibliaren' enkantean

Erredakzioa 2024ko eka. 11a, 06:05

Agerraldiaren irudia. / Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundiak adierazi du ez duela parte hartuko Christie´s etxeak bihar egingo duen enkantean Kexaako biblia lortzeko. Erakundeak azaldu du saltzaileek prezioa puztu dutela eta jarri dioten izena ez dela egokia.

🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari, hemen sinatuta 👇

www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu

📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.

Arabako Foru Aldundiak ez du parte hartuko bihar Christie´s etxeak Kexaako biblia izendatu duten objektua eskuratzeko egingo duen enkantean. Hala azaldu dute Ana del Val Kultura eta Kiroleko Saileko foru diputatuak, Jose Antonio Saenz Varela Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuaren buruak, Maria Angeles Isasi Kexaako Administrazio Batzordeko lehendakariak eta Luis Padura Kexaako monumentu multzoan adituak, agerraldi baten bidez.

Berez, XIII. mendeko dokumentu horiek Kexaan egon ziren eta norbaitek eraman zituen XIX. mendean. Jatorriz, 700 orrialdeko biblia baten 68 orrialde dira, baina norbaitek liburu bakar gisa elkartu zituen. Enkante etxeak bihar salduko ditu eta espero dute 30.000 eta 50.000 libera esterlina eskuratzea.

Ordezkari publikoek arrazoi anitz eskaini dituzte euren erabakia azaltzeko. Hasteko, baztertu egin dute dokumentuak Kexaan bertan idatzi izana, han ez baitzegoen eskriptoriorik.

Horrez gain, Aldundiak argitu du jatorrizko bibliaren beste 22 orrialde dituela, Kexaako Administrazio Batzarrak eman zizkiolako.

Horregatik eta enkante-etxeak jarritako gehiegizko prezioagatik, erakunde arabarrak erabat baztertu du idazkia erosten saiatzea. "Prezio hori ez dator bat balio historiko eta kultural hutsarekin, baizik eta Erdi Aroko miniaturen bildumagintzaren merkatuko prezioekin, ez direnak arlo publikoaren interesekoak", azaldu du diputatuak.

Enkantea bertan behera uztea, ezinezkoa

Halaber, Ana del Valek erantsi du aztertu dutela enkantea bertan behera uztea; baina, Ondare Legea eskuan, ezinezkoa izan zaie. Alde batetik, ezin dutelako zehaztu noiz atera zituzten dokumentuak Espainiako Estatutik. Bestetik, araua 1985ekoa delako, eta litekeena da atzerrira aurretik eraman izana.

Dena den, Arabako Foru Aldundiak badaki nola lapurtu zituzten dokumentuak. Izan ere, jatorrizko bibliaren hainbat orrialde kendu eta karpeta gisa baliatzen zituen prokuradoreak bere bulegoan, eta litekeena da antikuarioren batek bere balioaz jabetu eta eskuratu izana XIX. mendean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide