SERGIO BALCHADA

“Aiaran 42 borrokalari hil baziren ere, benetako protagonista herri xumea izan zen”

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 21a, 13:00

Sergio Balchadak Guda Zibilean Aiaraldean jazotako hainbat gertakari ikertu ditu. / Aiaraldea.eus

SERGIO BALCHADA (Marin, 1977) historialariak Aiara, once meses en guerra liburua idatzi du eta bihar aurkeztuko du Agiñigako elizan 18:00etan. 

Ekaineran 22an aurkeztuko duzu zure azken liburua Agiñigan, zeri buruzkoa da?

Lantzen duen gaia da zer gertatu zen eta nola bizi izan zen gerra Aiarako udalerrian. Bigarren mailako frontetzat hartu dute oro har, eta egia da ez dagoela gerra gertakari nabarmenik, baina gertakariak jazo ziren. Adibidez, milizien presentziak aldatu zuen aiararren egunerokoa eta hori garrantzitsua da, nire ustez.

Defentsa sistema bat eraiki zuten. Izan ere, Aiara lehen lerroan zegoen, nahiz eta oso fronte aktiboa ez izan. Hala ere, lubakiak sortu zituzten Gorobelera begira, hor baitzegoen etsaia, erreketeak, hain zuzen. Hori da kontatzen dudana. Nola izan zen aiararren bizitza hamaika hilabeteko gerra horretan, nola bizi ziren milizianoekin, zer egin zuten milizianoek, nola antolatu ziren, zein batailoi igaro ziren hemendik…

Nola dokumentatu zara idazteko?

Anitza izan da. Lehenik eta behin bibliografia aztertu dut eta Euskadiko gerrako liburuetan erreparatu diet Arabari buruz aritzen zirenei. Hor hartu ditut Aiarari buruz zeuden aipuak.

Horrez gain, fitxategiak bisitatu ditut: Euskadikoa, Salamancakoa oroimen historikoari buruz eta Avilako fitxategi militarra. Informazio nahikoa lortu dut hor eta Ferrolgo fitxategian ere zerbait eskuratu dut. Garaiko prentsa ere baliatu dut eta, nola ez, hartutako ahozko lekukotzak. Borrokalari aiarar batekin aritu naiz, Alkartzeak batailoikoa, lotura lanak egiten zutena. Zibilekin ere mintzatu naiz, umeak eta nerabeak zirenak.

"Unerik garrantzitsuena agian izan zen 1937ko ekainean gertatutakoa Soxo buruan. Bataila egon zen eta indar errepublikarrak borrokatu ziren Lanteno inguruan. Helburua zen Artziniega hartzea eta borrokak izan ziren han"

Nola ezaugarrituko zenuke gerra Aiaran?

Fronte lasaia izan zen. Ia ez zen gertatu gerra gertakizunik. Liskarrak egon ziren postu aurreratuen artean, jakiteko non zegoen etsaia. Inoren lurraldea ez zen gunean patruilak bidali zituzten alde biek, bereziki, Gorobel azpira: Agiñiga, Lejartzu, Añes…

Inork ez zuen menderatzen lurralde hori eta bi aldeak sartzen ziren. Unerik garrantzitsuena agian izan zen 1937ko ekainean gertatutakoa Soxo buruan. Bataila egon zen eta indar errepublikarrak borrokatu ziren Lanteno inguruan. Helburua zen Artziniega hartzea eta borrokak izan ziren han, Soxon, beste mendi batzuetan…

Baina atzera egiten ari ziren, soilik saiatzen ziren Artziniegaren erorketa moteltzen. Indar errepublikarrak oso moral baxua zuten eta bitarteko gutxi. Defentsa oso zaila zen.

Hitz egin beharko genuke ere herritarren beldurrei buruz. Gerraren hasieran egon ziren eskuindarren atxiloketak, exekuzioren bat… Hortaz, beldurra agertu zen herrian. Uda beroa izan zen, faxisten errepresio basatiaren albisteak heltzen baitziren, eta Errepublikaren boterea ere urtzen zen. Boterea hartzen zuten talde armatuek eta batzuek iraultza egin nahi zuten. Horrek suposatzen zuen mundu zaharrarekin amaitzea eta horrela erantzuten zioten faxismoaren hilketei.

Zeintzuk izan ziren protagonista nagusiak?

Ez nizuke esango izenik. Protagonista nagusiak herritar xumeak izan ziren. Sufritu zuten gerra eta bizilagun berriekin bizitzera pasa ziren. Miliziano askoren ideiek ziurrenik ezustean harrapatu zituzten.

Baserritarrentzat, kontserbadoreak zirenak mundu berriari eta iraultzari buruz entzutea harrigarria zen. Herri apalena izan zen protagonista, bereziki, Gorobel azpiko herrietan, zeren horiek ikusi zuten nola alde bat zein bestea heltzen zen, garia edo animaliak eta senideren bat eramaten zutela.

Zenbat hildako egon ziren Aiaran gerran?

Galdera zaila da, ez dakit buruz. Borroketan nahikoa hildako egon ziren. Zehazki, borroketan hamasei errepublikar eta 26 faxisten artean. Errepresio errepublikarraren ondorioz, 22 hildako. Faxisten errepresioak hiruzpalau hildako utzi zituen. Hori azaltzeko aipatu beharra dago Aiara ez zela faxisten esku geratu gerrako lehen hilabeteetan. Horiek izan ziren odoltsuenak. Alderantziz, egoera oso bestelakoa izango litzateke. Berez, faxistak 1937ko ekainean heldu ziren Aiarara eta orduan zigor ekonomikoak, lan esklabua edo kartzela zen errepresioaren aurpegia, hilketak baino.

Non eskuratu daiteke liburua?

Printzipioz, ekainaren 22an aurkezpenean Agiñigan. Gero ez dakit nola egingo dudan, baina bestela nirekin harremanetan jarrita, edo Enrique Arberasekin, Juanjo Hidalgorekin edo Patxi Urruelarekin, eurek sustatu baitute ekimena.

Zer istorio dago azaleko irudiaren atzean?

Azaleko irudia zorte hutsa izan da. Espainiako Liburutegi Nazionalekoa da eta duela urte batzuk gerrako irudi batzuk atera zituzten webgunean. Lagun batek aipatu zidan eta hara jo nuen. Bat-batean ikusi nuen argazkia eta Gorobel identifikatzean, esan nuen, hau Aiara da. Ez dakit ziur zein den tokia, baina nik uste dut Bayobera dela, Artziniegan, uste dut. Nik uste dut hor hartu zutela irudia.

Oso argazki dibertigarria da. Miliziano edo gudariak dira eta 1937koa da. Atzeragoardiako irudia da, dibertigarria. Nahiko nuke jakitea nortzuk ziren eta zer patu izan zuten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide