I. Emakumeen Aiarako bira antolatuko dute uztailaren 27an eta 28an, kadete eta junior mailetako neskei zuzendua

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko uzt. 18a, 12:33

2022ko Itzulia Women. / Aiaraldea

Eskualdean txirrindularitzan aritu ziren emakume aitzindariak omentzeko aprobetxatu nahi dute bira. Horien artean Izaskun Bengoa, hainbat modalitatetako Espainiako txapelduna eta Atlanta 1996ko Olinpiar Jokoetan lehiatu zena.

Gizonezkoen 34 edizio eta gero, emakumeen I. Aiarako bira antolatuko dute uztailaren 27an eta 28an. Proba bi etapetan banatuko da, Orozko-Laudio eta Amurrio-Amurrio, eta formakuntza mailetako neskei zuzendua da: kadete eta junior. Momentuz 50 kirolarik eman dute izena proban, baina antolatzaileek espero dute 90ra iristea.

Antolatzaileak Arabako Txirrindularitza Federazioa, Kuskumendi Mendi Txirrindularitza taldea, Sociedad Ciclista Llodiana eta Sociedad Ciclista Aiala dira. Azaldu dutenez, “uda bete-betean aukeratu ditugu datak, emakumezko korrikalariek ikasketak amaitu dituztenean, txirrindularitzan erabat murgildu ahal izateko”.

Lehenengo etapa uztailaren 27an izango da, Orozkotik Laudiora. Eguerdiko 15:00etan zuzendarien bilera, eta 14:45ean talde aurkezpena egingo dituzte udaletxean. 16:00etan abiatuko da proba Orozkotik eta Laudiora 17:48an heltzea aurreikusi dute. Aldai plazan egingo da sari banaketa. 57,95 km-ko luzera eta 590m-ko malda izango ditu lehenengo etapa honek.

Bigarrena, berriz, uztailaren 28an izango da, Amurriotik Amurriora. Goizeko 9:30ean zuzendarien bilera eta 9:45ean talde aurkezpena  udalexean. 10:30ean abiatuko da etapa Amurriotik, eta San Pedro eta Larrinbetik igaro ostean Amurrion bertan bukatuko da, eguerdiko 12:35ean, aurreikuspenen arabera. Sari banaketa Juan de Urrutia plazan egingo dute. Bigarren etapa honek 63,7 km-ko distantzia eta 870m-ko malda izango ditu.

Maillotak honako hauek izango dira: sailkapen orokorra (Vital Fundazioa), kadete onena (Arabako Foru Aldundia), mendiko saria (RPK), esprintak (Aiarako Kuadrilla), junior I arabarra (Etxeondo) eta kadete I arabarra (Electro Alavesa).

Izaskun Bengoari omenaldia

Aiarako bira honetan Izaskun Bengoa txirrindulari amurrioarra omenduko dute, eskualdean txirrindularitzan aritu ziren emakume aitzindariekin batera. Txirrindulari lasterketarik garrantzitsuenetan aritu zen txirrindularitzan oso emakume gutxi zegoen garaietan. 

Amurrio Txirrindulari Klubean eman zituen lehen pedalkadak eta 6 aldiz izan zen Espainiako txapeldun. Bestalde, Italiako Giroan aritu zen 1994, 1996 eta 1997an, eta Frantziako Tourrean 1995 eta 1997an.

Espainiako selekzioarekin Europako hainbat txapelketatan parte hartu zuen, eta zilarrezko domina lortu zuen erlojupekoan eta brontzea Villacheko Lerroan (Austria). 1993, 1994, 1995, 1996 eta 1997ko Munduko Txapelketetan eta 1996ko Atlantako Olinpiar Jokoetan ere aritu zen.

Gaur egun, Martxa Nordikoan ibiltzen da. Espainiako Martxa Nordikoko 2 Kopa irabazi ditu, 3 aldiz izan da Espainiako txapeldunorde, 4 aldiz Espainiako taldekako txapeldun eta 3 aldiz Espainiako Selekzio Autonomikoetako Txapelketa Euskadiko Selekzioarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide