Aiaraldeko guraso talde bat, seme-alabak Leioan matrikulatu eta gero, bertaratzeko garraio egokirik ez dagoela konturatu da. Gaur egun, EHUra ailegatzeko 3 garraio ezberdin hartu behar dituzte, bataz beste.
Egoerari konponbidea eman behar zaiola adierazi du guraso taldeak, “edozein ikasle ikastera joan ahal izateko denbora luze galdu gabe”.
Horregatik, eta eskumena Arabako Foru Aldundiak daukanez, Aiarako kuadrillari bitartekari lanak egiteko eskatu diote, Aiaraldetik EHUra garraioa bermatzeko.
Udalei ere laguntza eskatu diote, eta Aiarako Udalak berehala erantzun du. Hau da erakundeak zabaldu duen oharra: "Aiarako Udalak jakin behar du garraioaren arazoa konponduta ez duten zenbat pertsonek ikasiko duten datorren urtean, 2024-2025 ikasturtean, Leioako Unibertsitatean. Horren berri eman nahi dutenek bulego orduetan dei dezakete udaletxera. Ama talde bat udaletxera hurbildu da arazoa ezagutzera emateko eta irtenbide bat bilatzen ari gara".
EAJko udal taldeak ere idazkia bideratu dio Aiarako alkateari eta garraio zerbitzuaren beharra azaldu dio: " unibertsitate-garraioko zerbitzu bat ezartzea eskatzen dugu, ikasleek modu seguruan, efizientean eta ekonomikoan bidaiatu ahal izan dezaten. Ziur gaude neurri horrek gazteen ikasketa-baldintzak hobetzen lagunduko duela, eta, horrez gain, Aiarako biztanleriaren integrazio eta kohesio handiagoa sustatuko duela".
Jeltzaleek nabarmendu dute arazoa konpontzeko gaitasuna udal eskumenak gainditzen dituela eta kuadrillarekin elkarlana beharrezkoa izango dela.
Aiaraldeko udaletxe guztiak inplikatzea nahi dute amek, arazo hau arlo publikotik konpondu behar dela uste baitute. “Azken finean, Aiaraldeak beti izan du hurbiltasun handiagoa Bilborekin Gasteizekin baino, eta Leioan daude karrera asko bakarrik kanpus honetan egin daitezke”, gehitu dute.
Kendu zuten autobusa berriro jartzeko deia
2023/2024 ikasturtera arte Aiara, Amurrio eta Laudiotik Leioako Campusera zihoan autobusa zegoen herrian, enpresa pribatu batek antolatuta, baina orain dela urtebete, autobus horren zerbitzua desagertu egin zen. Aita batek aipatu duenez: "Iaz autobusa berriro antolatzen saiatu ziren, baina hau martxan jartzeko 70 lagun behar zirenez, eta soilik 30ek izena eman zutenez, ez zuten jarri. Autobus zuzen honekin soilik 30 minututan ailegatzen dira Leioara, bestela, bi tren hartu behar dira Termibusera heltzeko, eta hor Campusera doan beste bus bat hartzea, guztira ia 2 ordu iraun egiten duen bidaia, alegia. Helburua aurten autobusa berriro ateratzea da, baina horretarako 70 lagunak behar dira".
Beste guraso batek zehaztu du ikasle talde batek idazkia bidali ziela Aiara, Amurrio eta Laudioko udal gobernu taldeei arazoaren berri emateko eta alkate laudioarrarekin biltzera heldu zirela. Edonola ere, 15 urtez indarrean egondako zerbitzua berriro abiatzeko eskaera ez zen asetu.