Gaur onartu dituzte Aiarako udal aurrekontuak, goizean egindako udalbatzan. Udal gobernu taldeak jakinarazi duenez, 3.115.528,25 eurokoa da aurtengo plangintza ekonomikoa.
"Zatirik handiena langile-gastuei, mantentze-gastu finkoei eta aurreko legealditik hartutako konpromisoen gastuei dagokie, eta oraingo gobernu-taldeak honako gastu hauei eutsiko die: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko partidan 1.000 euro gehiago jartzea, Etxaurren ikastolan plaka fotovoltaikoak jartzea, udal-larrialdietako plana, ikastolako berogailua instalatzea (nahiz eta balioesten ari den galdara berria jartzea energia fosilaren iturriak ordezkatuz), kirol-ekitaldiak eta kirolanitza programa, eta Luiaondoko geltokiko aparkalekuaren dokumentazio teknikoa eta segurtasun-koordinazioa egiteko partida", azaldu dute EH Bilduk eta Aiara Batuzek.
Halaber, koalizioan gobernatzen duten taldeek nabarmendu dute hurrengo ekimenak txertatu dituztela aurrekontuetan:
1. Arkitekto-figura bat kontratatzea, txanda-kontratuaren programaren barruan.
2. Aisialdirako gune bat egokitzea, berdintasun-irizpideetara eta klima-aldaketara egokituta.
3. Lehen sektorea dinamizatzeko partida prestatzea.
4. "Klima- eta energia-plana" izeneko partida bat prestatzea.
5. Udalerrian lur ez-emankorrak aztertzeko partida.
6. Udaletxearen proiektuaren ordainsarietarako kontu-saila.
7. Ibaguen pistan esku hartzeko partida.
8. Aiaran lanean hil diren beharginak oroitzeko leku bat egokitzeko partida.
9. Udalerriko tximiniak garbitzea diruz laguntzeko partida. EAJk urtean zehar aurkeztutako proposamena kontuan hartuta gaitutako partida.
EAJren desadostasuna
Aipatutako egitasmoak ez ezik, udal gobernu taldeak aipatu du EAJren bi emendakin aintzat hartu dituela. Alde batetik, Luiaondoko autobus markesina bat berritzea eta, bestetik, Etxaurren Ikastolan irisgarritasun lanak egitea.
Berez, EH Bilduk eta Aiara Batuzek adierazi dute markesinaren auzia Luiaondoko Administrazio Batzarrarekin partekatuko dutela eta Etxaurren Ikastolako esku-hartzea egikaritzeko teknikariaren azterketa beharrezkoa dela dirulaguntza eskatzeko 2025era begira. Izan ere, 2023ko deialdian uko egin zuten.
Horren harira, EAJk bere desadostasuna plazaratu du. "Emendakinak ez dira onartu, ez baita dirurik bideratu aurrekontuetan horretarako. Udal gobernu taldearen borondate politikoaren esku geratu da. Gainera, zalantzak ditugu aurrekontuak onartzeko jarraitu den prozedurari buruz. Hain zuzen, gure emendakinak ez dira bozkatu eta idazkariari jakinarazi diogu", esan du Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak.
Jeltzaleen aburuz, 2024ko aurrekontuak oso berandu onartu dituzte eta lehen bertsioak "akats garrantzitsuak" topatu zituzten
"Beranduegi"
Jeltzaleen aburuz, 2024ko aurrekontuak oso berandu onartu dituzte eta gaitasun eta gobernu ezaren erakusgarri argia da hori.
Horrez gain, EAJk beste kritika batzuk zabaldu ditu: "Lehen bertsioan akats garrantzitsuak aurkitu ditugula eta abiapuntura itzuli behar izan dugula. Urtetik urtera gora egiten ari zen berdintasun-partidaren gorakada ere ez zen agertzen".
"Aldaketaren gobernua"
Jeltzaleen adierazpen kritikoak ez dira hor eten eta zalantzan jarri dute EH Bilduk eta Aiara Batuzek adierazitako konpromisoak betetzen ari diren. Adibidez, azpimarratu dute udal gobernu taldeak ez duela aztertu bilkurak streaming bidez emititzea. EAJren iritziz, hori da modu egokiena parte hartzea eta gardentasuna bermatzeko eta kritika hori Aiara Batuzi bideratu dio bereziki.
EH Bilduri dagokionez, Pruden Otegi alkateari buruz aritu dira jeltzaleak. Nabarmendu dute elkarrizketarako jarrera aurreratu zuela, baina ez diela behin ere deitu aurrekontuak adosteko. Horren aurrean, aldarrikatu dute EAJk gaitasuna izan zuela aurreko legealditan akordioak lortzeko, nahiz eta gutxiengoan egon.