Gaur 19:00etan herriko plazan mobilizazioa egingo dute asteazkeneko gauerdian Bilbon gertatutako erailketa matxista salatzeko. Atzo bi kontzentrazio antolatu zituzten Aiaran, eguerdian eta arratsaldean, eta gaur Amurrion hartuko dute lekukoa.
Amurrioko Emakumeon* Sareak zabaldu du deialdia eta Amurrioko Udalak ere bat egin du ekimenarekin.
Asteazkenezko gauerdian erailketa matxista gertatu zen Bilbon. Santutxu eta Atxuri auzoen artean 34 urteko gizon batek bere bikotea hil zuen labankadaz. 31 urte zituen emakumezkoak eta Perukoa zen jatorriz. Ertzaintzak adierazi du hiltzaileak arazo psikiatrikoak dituela eta ospitalera eraman zuten. Gaur, aldiz, bere espetxeratzea agindu du epaileak.
Berez, aurten Euskal Herrian gertatu den hirugarren hilketa matxista izan da Bilbokoa. Dena den, hiru heriotz horiei gehitu behar zaie euskal emakume baten erailketa Panaman, uztailean.