Atzo 11:20ak aldera lan istripua gertatu zen Zuhatzan. Mendian zuhaitzak mozten ari zirela, enbor bat beharginaren gainean erori zen eta zauri larriak eragin zizkion.
Horri aurre egiteko Arabako Suhiltzaileak, Ertzaintzako mendi erreskateko unitatea eta anbulantzia mobilizatu zituzten. Larrialdiaren eremua kokatu ostean, Menagaraitik jo zuten ertzainek oinez, zaurituaren bila, eta gero 400 metroz garraiatu behar izan zuten, suhiltzaileen ibilgailu batean uzteko.
Suhiltzaileek anbulantziara eraman zuten behargina eta handik Gurutzetako ospitalera bidali zuten.
2020an langile bat hil zen Aiarako mendietan
Atzokoa ez da izan Aiarako mendietan gertatutako lan istripu larri bakarra. Izan ere, 2020an behargin bat zendu zen antzeko ezbeharraren ondorioz. Izan ere, pinu bat erori zitzaion gainean langileari eta zaurien ondorioz hil zen. Gogoratu beharra dago egun horietan itxialdia indarrean zegoela pandemiagatik, baina etxetik kanpo zenbait lan egiteko aukera ireki zuela Gobernuak.