Aiarako Udalak A-15 eta A-16 lineetako autobusak Luiaondo paretik pasatzen direnean, Luiaondon sartu eta geldialdiak egiteko eskatu du.
Udalak ohar bidez zabaldu duenaren arabera, Luiaondok gutxi gorabehera 1.300 biztanle ditu gaur egun. Lezama eta Larrinbe auzoak 240 biztanle dituzte eta L-15 linea honek bertatik igarotzen diren autobus guztien joan-etorriko geltoki guztiak egiten ditu, eskatu beharrik izan gabe. Gainera, “L-15 linea honetarako emandako ordutegietan oinarrituta, Luiaondo herrian sartuz gero bi minutu gehiago beharko zuen autobusak bidaia egiteko”. Halaber, “Autobusak Luiaondo herrira sartuta egiten duen distantzia, inguratzen duen errepidetik igaro beharrean, kilometro berberak dira”.
Aurreko batean Udalak Arabako Foru Aldundiari eskari hori egin zionean, erantzuna izan zen bertan trena bazegoela. “Tren geltokia herritik urrun dago eta auzoaren arabera, 1,5km egitera ailega daiteke”, kexu da, eta gaineratu du “Laudiok eta Amurriok badutela trena baina horrek ez duela eragozten autobus zerbitzua izatea”.
Udalaren hitzetan, Luiaondo da autobus zerbitzu hori , A-15, duen Aiarako herri bakarra.
Bestalde, Okondotik Artziniegara doan L-16 lineari dagokionez, ez du geldialdirik egiten Luiaondon. “Horrela, Luiaondo isolaturik geratzen da Aiarako gainontzeko herrietatik, autobus zerbitzuari dagokionez”, azaldu dute. Gainera, Laudiotik Gasteizera paretik pasatzen diren 21 autobusetatik 6 soilik sartzen dira Luiaondon.
Udalaren aldetik, hortaz, Luiaondotik igarotzen diren L-15 eta L-16 lineetako autobus guztiak herrian sartzea eta horretarako prestatutako bi geralekuetan gutxienez gelditzea eskatu dute.