Atzo udalbatza egin zuten Aiaran eta horren harira prentsa oharra zabaldu du EAJko udal taldeak. Jeltzaleek kritikatu dute Zirkulazio Zergaren eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren zerga %10 igo duela udal gobernu taldeak 2025erako eta beste %10ean egingo duela 2026an.
Gentza Alamillo oposizio taldeko bozeramaileak leporatu die EH Bildu eta Aiara Batuzi "justifikaziorik gabeko zerga-igoera" egitea, "herritarrentzat onuragarriak diren jasangarritasun- edo energia eraginkortasuneko irizpideak kontuan hartu gabe". Izan ere, jeltzaleek hobaria proposatu zuten ibilgailu hibridoentzat, elektrikoentzat edo portaera jasangarria dutenentzat, bai eta eraginkortasun energetikoko neurriak dituzten edo eguzki-energia eta energia termikoa sortzen duten eraikuntzentzat, baina udal gobernu taldeak ez zuen onartu.
Horrez gain, prozedurarekin ere ez dator bat EAJ: "funtsezkoa da tasak garaiz eguneratuta eta onartuta egotea, urtarrilaren 1ean indarrean sartu ahal izateko, eta ez du zentzurik urrian igoera bat onartzeak, hilabete batzuk geroago aldatzeko".
Udal gobernu taldeak dio irizpide sozialak dituela
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da udal gobernu taldearekin zerga horien igoerari buruz aritzeko eta bere ordezkariek aipatu dute irizpide sozialak baliatu dituztela: "Duela hamaika urte ez zirela eguneratzen eta zergak Udala finantzatzeko iturria oso garrantzitsua dira".
Horrez gain, udal gobernu taldeak berretsi du zerga horietan irizpide klimatikoak eta ingurumenari lotutakoak txertatuko dituztela hurrengo urtean, baina eztabaida ganoraz landu ahal denean.
Azkenik, koherentzia falta leporatu diote EAJri: "Hiru zergen igoera onartu genuen atzo, Zirkulazio Zergaren eta Eraikuntza, Instalazio eta Obrena eta Zabor Zergena. Guztiek izan dute igoera bera, baina bi kritikatu dituzte eta zaborrarena ontzat jo dute".