IÑAKI ISASI

“Euskaltel Taldearen dinamika aldatzea da gaur egungo erronka nagusia”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urr. 26a, 08:00

Urte luzez Euskaltel Euskadiko txirrindularia izan da Iñaki Isasi, profesional mailan. / Aiaraldea.eus

IÑAKI ISASI (Aiara, 1977) izendatu dute Euskadi Fundazioko presidente. Urte luzez aritu da talde laranjako mailota soinean, eta ondo ezagutzen ditu txirrindularen nondik norakoak. Etorkizuneko erronkez mintzatu da gurekin.

Euskadi Fundazioko presidente izendatu berri zaituzte. Nola jaso duzu albistea?

Sorpresa handia izan da. Beno, handia edo... (barreak). Aspalditik nengoen sartuta Fundazioan,  kontu desberdinetan laguntzen. Hurrengo urterako aipatu zidaten pixka bat gehiago sartzeko; kirol arloan gizonezkoen taldeko Jorge Azanza aritzeko eskatu zidaten. Galdosek dimititu ostean pertsona bat behar zuten zuzendari, eta Fundazioarentzako ezaguna nintzenez, pertsona egokia izan nintekeela pentsatu zuten. Patronatoan denak egon dira ados ni hautatzearekin.

Sorpresaz eta arduraz jaso dut albistea, baina ezin izan dut ezetz esan. Hainbeste jende, nolabait, zure ardurapean ikusteak errespetua ematen du.

Euskadi Fundazioaren zuzendaritza sendotzeko nahirekin dator zure hautagaitza. Nola egiten da hori?

Patronato batek osatzen du Euskadi Fundazioaren zuzendaritza, sei-zazpi kidez osatutako lantaldea. Taldea sendotu egin da erabakiak ahalik eta jende gehienen artean hartzeko eta ez dadin ardura pertsona bakarraren bizkar gainean jausi. Akatsak eta lorpenak guztionak zian daitezen.

Hiru dira Euskadi Fundazioko kirol taldeak, zein da bakoitzaren helburua datozen urteei begira? 

Batez ere mutilen taldearen [Euskaltel Euskadi] dinamika aldatzea eta hobetzea da gaur egungo erronka nagusia. Denboraldi txarra izan da aurtengoa, horrela aitortu behar dugu. Datorren denboraldian munduko lehenego 30 talde onenen artean egon behar dugu nahitaez Espainiako Vuelta korritu nahi badugu. Hori da erronka.

Helburua lortzeko UCI puntuak behar ditugu, eta horretarako fitxaketa berriak egin ditugu. Taldea nolako den aztertu dugu, eta ditugun gabeziak betetzeko kirolariak fitxatu ditugu.

Nesken taldeak [Laboral-Kutxa], aldiz, denboraldi ona egin du. Aurtengo bidea sendotzea dugu helburu. Galdos arituko da kirol zuzendari lanetan. Nik uste taldeak bide ona daramala, eta ea horrela jarraitzen duen etorkizunean ere.

Estreinako urtea zuen aurtengoa Laboral-Kutxa taldeak, maila gorenean lehiatzen. Nola baloratzen duzu egindakoa?

Oso polita izan da. Hain denbora laburrean horraino iritsi izana polita da. Puntuei dagokienez UCI World Tourrean sartzeko zorian egon dira aurten, ea datorren urtean lortzen duten. Nik uste urtez urte hobetzen jarraituko dutela.

"Txirrindulari gazteek ere ulertu behar dute gogor ekin behar diotela"

Azkenik, 23 urte azpikoen taldea dago. Nola datoz euskal txirrindulari gazteak?

Hor dago gakoa. Lehen aipatu bezala hutsune bat daukagu Euskaltel taldean. Orain arte Euskal herrian mota zehatz bateko txirrindulariak nagusitu dira: igotzaileak. Txirrindulari azkarrak, esprinterrak, ditugu faltan. Arlo hori indartu behar dugu gazteen artean ere.

Taldea indartzea izango da gure asmoa. Taldean bertan lehia estutu nahi dugu, txirrindulariak ahalik eta gehien zukutzeko. Askotan kirolari euskaldunek uste dute 23 urte azpiko taldean onenak izate hutsarekin badutela talde laranjara jauzi egiteko aukera, eta hori ez da beti horrela. Txirrindulari gazteek ere ulertu behar dute gogor ekin behar diotela talde nagusira igotzeko. Izan ere, askotan ikusten dugu, txirrindulari hauek talde nagusira igarotzerakoan oraindik “egin gabe daudela” nolabait esatearren, eta horrek frustrazioa sortzen die, batez ere emaitza onak iristen ez direnean.

Euskal txirrindularitza sustatzeko helburuarekin sortu zen Euskadi Fundazioa duela 30 urte. Zuk gertutik bizi izan duzu honen garapena, bai kirolari aritzen zinenean, baita zuzendaritzan ere. Nolako garapena izan du tokiko txirrindularitzak urte hauetan guztietan?

Aitortu beharra dago maila jaitsi egin dela. Geroz eta txirrindulari gutxiago dago, eta hori igarri egiten da. Txirrindulari euskaldun oso oso onak daude goi-mailan lehiatzen: Alex Aranburu, Ion Izagirre, Mikel Landa, Oier Lazkano… baina gutxi dira, oro har. Gainera, hutsunea dago maila altuko txirrindulari hauen eta gainerako euskal txirrindularien artean.

Txirrindularitzaren azken urteetako garapena, ordea, oso azkarra ari da izaten. Txirrindulari oso oso gazteak daude mailarik altuenean.

Egia da aldatu egin dela, baina ikusten ditugunak mundu mailako erreferenteak dira. Badira txirrindulari oso gazteak aurreneko postuetan, eta horrek arreta deitzen du, baina ez dira hainbeste. Ez da batere erraza hain gaztetatik maila altu horretara iristea. Adin horiekin, ikasi ere egin behar dute, eta asko dira bidean geratzen diren txirrindulariak. Ikasketak eta elite mailako kirola uztartzea zaila izaten da. Alde horretatik uste dut pazientzia handiagoa izan behar dugula gurean. Hau da, txirrindulariei beste bi edo hiru urte gehiago eman, lasaitasunez egin ditzaten egin beharrekoak. Izango dute denbora txirrindulari profesionalak izateko ere.

Gaiarekin jarraituz, zein egoeratan dago Euskal Herriko txirrindularitza harrobia?

Geroz eta gutxiago dago. Ni gazte mailan nengoenean probintzia mailan aritzen ginen. Araban tropel bat zegoen, Bizkaian beste bat, Gipuzkoan beste bat… Orain, aldiz, geroz eta lizentzia gutxiago daude eta txirrindulari gazte guztiek batera lehiatzen dute. Gainera, gaur egun, arazoak daude Gipuzkoan lasterketak antolatzeko. Espero dut arazoa konpontzea. Garrantzitsua da lasterketak egotea.

Zaleei dagokienez, ikusi duzu eboluziorik?

Nik zortea izan nuen marea laranja ezagun hori barrutik bizitzeko. Orain jaitsi egin da sukar hori. Ez dugu talderik maila gorenean, eta horrek jendea desilusionatzen du. Baina hori da gure lana: berriro ere Euskaltel-Euskadi maila altuenean jartzea eta afizio hori batzea. Euskal afizioa beti dago prest lasterketetara joateko, eta beti egongo da hor: Tourrean, Pirinieotan… Geroz eta gutxiago dira laranjaz jantzita doazenak, baina horri buelta ematea da gure lana.

Ardura puntu bat sentituko duzu horrekiko ere.

Bai, bai, noski. Oso polita izan zen niretzako kirolari bezala, eta polita litzateke berriro zaletasun indartsu hori berreskuratzea. Jendeak ez ezagutzeak gure kirolarien izenak arduratu egiten nau, besteak beste.

Datozen denboraldietan gertutik jarraitu beharreko zein txirrindulari nabarmenduko zenituzke zuk?

Laboral Kutxan Uxue Ostolaza oso ondo ibili da aurten, urte bikaina egin du eta datorren denboraldian gora egiten jarraitzea espero dugu. Ane Santestebanek ez du urte ona izan, baina bere maila berreskuratzea espero dugu datorren denboraldian. Euskaltel Taldeko kideen artean, esango nuke Xabier Berasategik itxura oso ona daukala. Oso gaztea izan arren, aurtengo Espainiako Itzulian bizpahiru etapatan lehenengo hamarren artean aritu da. Mutil azkarra da, mendi txikiak erraz igarotzen dituena, beraz aukerak ditu etapak lehiatzeko.

Ander Ganzabal nabarmenduko nuke ere. Gauzak argi dauzkan mutila da, eta datozen urteetan maila altua erakutsiko du, ziur.

“Gaur egun egutegiak mundu zabaletik ibiltzera garamatza: Txinatik, Saudi Arabiatik… espero dugu bertan errazagoa izatea puntuak lortzea”

Eta datorren denboraldiari dagokionez, zer nolako lasterketa-egutegia osatu duzue?

Aztertzen ari gara, baina ez da nahiko genukeen egutegia. Lehen aipatu bezala Euskaltel lehenengo 30 UCI taldeen artean sailkatu behar dugu 2025eko Espainiako Vueltan egon nahi badugu, eta horretarako ezinbestekoa dugu puntuak lortzea. Oso ondo aztertu behar dugu non dauden puntuak jokoan, eta non lortu ditzakegun. Frantzia aldeko eta Belgikako lasterketetan puntuak egon badaude, baina lasterketa zailak dira guretzako; klasikoak izan ohi dira, eta kosta egiten zaigu horrelako kirol-probetan lehian sartzea. Horri buelta emateko fitxaketak egin ditugu, eta espero dugu bertan ondo moldatzea eta puntuak lortzea. Baina, oro har, eta oraindik egutegia itxita ez dugun arren, toki “exotikoagoetara” joan beharko dugu lehiatzera; ezagutzen ez ditugun eta mila baxuagoa duten lasterketetan. Gaur egun egutegiak mundu zabaletik ibiltzera garamatza: Txinatik, Saudi Arabiatik… espero dugu bertan errazagoa izatea puntuak lortzea.

Lehia horretan sartzeko bizikletak ezinbestekoak dira, eta Orbea etxeak Euskadi fundazioko babesle izateari utzi dio berriki. Badakizue honezkero zein bizikleta etxek babestuko dituen fundazioaren hiru taldeak?

Oraindik itxi gabe dago babesletza hori, baina badirudi gauzak bideratuta daudela. Espero dugu hemendik gutxira iragartzea zein den bizikleten marka hori. Ez da erraza izan. Bizikleta markek aurreikuspen handiarekin egiten dituzte haien planak, eta hurrengo denboraldirako hainbeste bizikleta eskatzea ez da ohikoa. Baina esan bezala, badirudi bide onetik doala kontua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide