GILEN ALBISUA

“Txapelketa honek balio izan dit nire buruari erakusteko 85cc-ko mailan jarrai dezakedala hainbat lesio izan arren”

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko urr. 31a, 08:21

Gilen Albisua erdian, Espainiako motocross txapelketa irabazi zuen unean. / G.A.

GILEN ALBISUA (Zuhatza, 2005) da Espainiako Motocross Txapelketaren irabazlea. 12 urte daramatza Espainiako txapelketan lehiatzen eta 13 urte orotara motor gainean. Prestakuntza fisiko, tekniko eta mentalaren maila oso altua dela nabarmendu du, eta lesioak egunerokotasunaren parte direla.

Espainiako Motokross Txapelketa irabazi berri duzu 18 urtez azpiko mailan. Zer moduzko garaipena izan da?

Izugarrizko poza izan da hainbeste urte lanean aritu eta gero eta lesioen ondoren. Bidea oso gogorra da eta are gehiago emaitzarik lortu gabe lan egitea, baina merezi du

“Eragozpenez eta emozioz beteriko asteburu gogor baten ondoren" lortu zenuela txapeldun izatea jarri zenuen zure sare sozialetan. Zer dela eta? Zelan ikusi zenuen zure burua azken proba horretan? Irabaztea espero zenuen?

"Aurreko astean erori egin nintzen, eta lesioa egin nuen eskumuturrean (...) Bigarren txandan erori nintzen, odol-hodi bat hautsi nuen eta isuri bat izan nuen. Erortzean, liztor bat sartu zitzaidan arropan"

Lasterketaren aurretik dena nahiko ondo zegoen, txapelketa irabazteko puntu alde handia nuen eta oso lasai negoen.

Aldiz, aurreko astean erori egin nintzen eta eskumuturrean lesio bat egin nuen. Hala ere, minarekin aritzera behartuta negoen txapelketa irabazteko. Lehen txandan txapeldun izateko nahikoa izan behar nuen, baina nire motorra gelditu egin zen eta ez nuen punturik hartu.

Bigarren txandan, lasterketaren buruan nengoela, erori egin nintzen, odol-hodi bat hautsi nuen eta isuri bat izan nuen. Erortzean, liztor bat sartu zitzaidan arropan, eta txikitzen hasi nintzen. Sekulako anabasa izan zen, baina ahal izan nuen moduan bukatu nuen, puntuak hartu eta txapelketa irabazteko.

Zelan joan da txapelketa, oro har?

Txapelketa oso erosoa izan da niretzat, ez dut huts askorik izan eta hainbat txanda irabaztea lortu dut.

Esperientzia duzu Espainiako Motocross Txapelketan, hainbat urte daramatzazu bertan parte hartzen.

12 urte daramatzat Espainiako txapelketan eta nire lehen titulua da. Zazpi urte nituenetik lortu dudan marka onena hirugarren postua izan da orain arte, 85 cc-ko txapelketan.

Zer izan da desberdin aurtengo txapelketan?

Aurten Madrilera joan naiz errendimendu handiko entrenamenduekin, eta beste talde batera mugitu izanari esker hobetu dugu.

Lau aldiz irabazi duzu Euskadiko Txapelketa, 2014an, 2015ean, 2016an eta 2017an, eta orain Espainiako Txapelketa. 2015ean Gaztela eta Leongo txapelketako lehen saria eskuratu zenuen, eta Europan ere ibili zara. Zer balorazio egiten duzu?

"Eskualdeko tituluak oso garrantzitsuak dira hasten zarenean, jarraitzera motibatzen dizutelako"

Eskualdeko tituluak oso garrantzitsuak dira hasten zarenean, jarraitzera motibatzen dizutelako, baina harro nago Europan lasterketa onak egin ditudalako eta 85 cc-tan munduko txapelketarako hautatua izan naizelako.

Bestalde, zalantzarik gabe, txapelketa honek balio izan dit nire buruari erakusteko 85cc-ko mailan jarrai dezakedala hainbat lesio izan arren.

13 urte daramatzazu motor gainean. Nolakoa izan zen hasiera?

Hasiera pasio hutsagatik izaten da beti, esperientzia hartzen duzu eta lehiaketan sartzen zara. 11 urte nituenetik, gutxi gorabehera, lan hori gero eta zorrotzagoa da niretzat, eta denbora gehiago hartzen du nire bizitzan.

Zaila da mundu hau?

"Oso mundu zaila da, oso kirol garestia, eta ez dago dirulaguntzarik. Oso altua da prestakuntza fisiko, tekniko eta mentalaren maila"

Oso mundu zaila da, oso kirol garestia da, eta ez dago dirulaguntzarik. Prestakuntza fisiko, tekniko eta mentalaren maila oso altua da.

Egunero entrenatzen dugu pilotu hobeak izateko, lasterketei hobeto eusteko eta une gogor batzuetan ez galtzeko. Lesioak oso ohikoak dira, eta eboluzioa asko atzeratzen dute. Kirol honetan beti izango duzu gaitzen bat, eta denboraldi oso bat amaitu nahi baduzu, hausturaren batekin egin beharko duzu.

Faktore horiez guztiez gain, Europan eta, zehatzago, Espainiako Estatuan, maila oso altua dagoenez, oso lan zaila da titulu bat lortzea, eta laguntza ekonomikoak eskuraezinak dira. Oso zaila da nabarmentzea.

Zein asmo duzu hemendik aurrera?

Datorren denboraldian Mx2 Espainiako txapelketan urte ona egitea eta Europako txapelketan lasterketa onak egitea pilotu bezala aurrera egin ahal izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide