"Laguntzarekin heldu gara, baina lehen herritik bota gaituzte Erregeak agertu behar zirelako"

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 3a, 22:22

Aiaraldetik atera den jendea, talde argazki batean.

Unai Etxebarriak deia zabaldu zuen ostiralean laguntza bidaltzeko Valentziara eta atzo abiatu zen eskualdetik boluntario gehiagorekin. Egoera latza topatu dute han, eta baita oztopo ugari ere.

Unai Etxebarria musikariak deialdia zabaldu zuen ostiralean materiala biltzeko eta Valentziara jaisteko. Hasieran furgoneta bat izango zen, baina jende gehiago batu zaio eta zazpi ibilgailuko taldea osatu dute. "Aurrekontu txiki bat nuen, nirea, sentitzen nuelako honetara bideratu behar zela, baina jendeak lagundu du", ziurtatu du Etxebarriak.

Gaur itzuli dira eta egoera lazgarria topatu dutela azaldu dute berak zein Zuriñe Alavak. Nabarmendu behar da Etxebarriak behin eta berriro zabaldu duela mezu bera: "soilik herriak salba dezake herria". Horregatik, hain zuzen, erakundeen edota elkarteen esku utzi ordez, herri kaltetuetara jo dute zuzenean, eskurik esku emateko dena. "Biltzen den guztia Mestalla estadiora bidaltzen dute, baina ez dakigu banatzen duten", azaldu du.

Oztopo anitz

Euskal Etxeko lagun baten bitartez, aiaraldearrek lortu dute baimena hondamendiaren eremuan sartzeko, baina behin eta berriro topatu dituzte arazoak: "Ez digute utzi sartzen, nahiz eta zazpi furgonetarekin joan. Gero bigarren mailako errepideetatik mugitu gara eta gelditu garen lehenengo herritik bota gaituzte Erregeak agertu behar zirelako. Laguntza eraman dugu eta agintarien erantzuna hori izan da", salatu du Etxebarriak.

Azkenean, lortu dute herri txikitu batera heltzea eta han orduak eman dituzte materiala banatzen: "Herritarren artean zabaldu dugu dena. Funtsezko garbiketa produktuak herritarrek eurek hartu dituzte eta hainbat ordu igaro ditugu dena deskargatzeko, harik eta eurien ondorioz alarma gorria piztu duten arte. Orduan bakarrik gelditu gara eta etxera itzuli gara".

Psikologikoki porrot eginda

Bai Unai Etxebarriak zein Zuriñe Alavak adierazi dute psikologikoki oso latza dela gertatutakoa ikustea. "Leher eginda gaude, baina okerrena izan da ikustea han jendea izututa dagoela oraindik eta erabat abandonatuak izan direlaren sentsazioa dutela. Uste dute hiltzen utzi dituztela. Bost egun igaro dira eta orain hasi da laguntza apur bat heltzen. Jendea gose da eta sekulako beharrak dituzte", aipatu dute.

Elkartasun ekimenean parte hartu dutenak oso nekatuta daude, baina, aldi berean, Valentziako herritarrak laguntzen jarraitzeko prestutasun osoa adierazi dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide