JOSU ARTETXE

“Borrokan jarraituko dugu zerrenda ofizialki publikatu eta bertan gaudenoi formakuntza eta lana eman arte”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko aza. 12a, 08:00

2022an egin zituen oposaketak Josu Artetxek, eta oraindik ere ziurgabetasunean bizi da. / Aiaraldea.eus

Suhiltzaile Gaindituak Haserre elkarteko kidea da JOSU ARTETXE ESPERANZA (Aiara, 1995) dozenaka suhiltzailerekin batera, ziurgabetasun egoera bizi du 2022ko oposizioetako araudian egin nahi duten aldaketa dela eta.

Suhiltzaile Gaindituak Haserre elkarteko kidea zara. Zergatik diozue haserre zaudetela?

Haserre gaude 2022an Araba eta Gipuzkoako suhiltzaileak langilez hornitzeko oposizioa gainditu genuelako baina lan-poltsak osatu gabe jarraitzen duelako, azterketa prozesu erdian araudia aldatzen saiatu direlako. Ohikoan, oposizio publiko batean, azterketa teorikoa, fisikoa eta psikoteknikoa egin behar dituzu, merituekin (lan esperientzia eta tituluak) batuz lortzen duzun puntuazioaren arabera zerrenda bat sortzen da, bertan, duzun postuaren arabera sailkatzen zaitutze, eta plaza lortu edo bakanteak kubritzera pasatzen zara. Kontua da zerrenda hori konformatzerako orduan saiatu direla azterketa gainditu genuenak azterketa suspenditu baina lan esperientzia gehiago zutenen atzetik jartzen. Horretarako oposizio prozesu erdian lan-poltsen araudia aldatzen saiatu dira.

Araudia aurretiaz zehaztuta zuen oposaketa prozesu baten erdian saiatu dira araudia aldatzen beraz. Nork bultztau du aldaketa hori?

Arabako Foru Aldundiak eta alde sindikalak. Hasieran ELA eta LAB agertu ziren aldaketa horren alde. Haiekin bildu ostean, LAB gure alde lerratu zen, UGT, ESK eta CCOOrekin batera. Gure borroka babesten zutela adierazteko, testu bateratu bat erregistratu genuen Arabako Foru Aldundian.

Elkartea sortu duzue zuen eskubideen alde borrokatzeko. Lortu duzue erantzunik?

Mobilizatzeaz gain sindikatu eta alderdi politikoekin batzartu gara, EAJk izan ezik alderdi guztiek adierazi digute euren babesa. EH Bilduk eta Podemosek eskatuta urriaren 17an agerraldia egin genuen Arabako Batzar Nagusietan, eta ondoren, Jone Berriozabalek, suhiltzaileen kontuaz arduratzen den diputatuak, alderdi ezberdinen galderak erantzun zituen. Bertan esan zuenaren arabera asmoa da, araudia dagoen bezala errespetatzea, lan-poltsa osatzea eta lan-poltsan gaudenoi formakuntza eta lana ematea. Hori da daukagun azken berria, baina oraindik ez dago ezer paperean eta poltsak osatu gabe jarraitzen du. Une honetan plaza sinatuko dutenak ari dira formazioa jasotzen, hau otsail ingururako amaituta egongo da eta besteok ez dakigu ezer. Ziurgabetasun eta ezjakintasun egoera totalean gaude oposaketa prozesu osoa gainditu ostean, dagokigun lana egin ahal izango dugun jakin gabe.

Konforme zaudete Berriozabalen adierazpenekin?

Bada aurrerapauso bat baina guk borrokan jarraituko dugu zerrenda ofizialki publikatu eta bertan gaudenoi formakuntza eta lana eman arte.

Zenbat zarete egoera horretan zaudetenak?

164 pertsona gara kaltetuak.

“Gogorrena, zerbait itxaroten egotea da, helduko denaren ziurtasunik izan gabe”

Eta zerk suposatzen du horrelako prozesu luze eta ziurgabeak maila pertsonalean?

Egundoko ezjakintasunean bizi gara. Berez, gainditzeak eta lan-poltsan sartzeak suposatzen ditu berme minimo batzuk, normalean formakuntza eta agian lana, baina guk, orain, ez dakigu ezer. Gogorrena, zerbait itxaroten egotea da, helduko denaren ziurtasunik izan gabe. Denbora luze daramagu azterketak prestatzen. Honek esfortzu eta sakrifizio handia suposatzen du, maila pertsonal, familiar zein ekonomikoan; batzuek ikasi eta entrenatu ahal izateko lana utzi dute edo bikotearengan delegatu dute familiaren zaintza, besteak lanean eta oposaketaren prestakuntzan egon dira murgilduta, lagunak ikusteko aukera handirik gabe...

Suhiltzaileen artean gatazka sortu du honek?

Oposaketaren oinarrietan lan-poltsa osatzearen ardura Arkauteko zuzendariak du, historikoki, baina, Aldundiek kudeatu izan dituzte haien lan-poltsak. Orain hiru administrazio daude nahastuta eta lanpoltsa sortu gabe jarraitzen dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide