Arespalditzako Soloitza Gaztandegia saritu dute Nekazaraba sarietan. Arabako Foru Aldundiak banatzen ditu aitortza horiek, "lehen sektoreak lurraldea egituratzeko, enplegua sortzeko eta kalitatezko ondasunak eta zerbitzuak emateko duen balio estrategikoa gizarteari erakusteko".
Berrikuntza sailean jaso du aitortza Ziortza Lopez aiararrak abian jarritako negozioak. Foru Aldundiak nabarmendu du Soloitza proiektua 2020an abiatu zela, "pandemia betean". "Esne sektorearen krisi garai batean, Ziortza Lopezek familiaren negozioari buelta bat ematea erabaki zuen", nabarmendu du erakunde publikoak, "gazta urdina, gazta freskoa eta kalitate goreneko jogurtak egiten dituzte, tradizioa eta modernitatea uztartuz. Ekoizpen integratuko esnea da, elikadura propioa eta animalien ongizateko estandar altuenak dituena".
Aldundiak goraipatu du Lopezen egitasmoak "dibertsifikatu" egiten duela abeltzaintza-jarduera tradizionala, eta "balio erantsia" ematen diola, "tokiko enplegua" sortuz eta jardueran "emakumeen presentzia handia" bermatuz. "Gainera, bisita gidatuak eskaintzen ditu irizpide arkitektoniko bioklimatikoekin eraikitako instalazio modernoetara, ingurumen-inpaktuak gutxituz eta energia-kontsumoa murriztuz", gaineratu dute prentsa-oharrean.
Soloitzarekin batera Arabako beste lau egitasmo eta pertsona saritu zituzten ostiralean eginiko ekitaldian: Adolfo Beltran de Guevara, ARMOKI, APRORA eta Fernando Remirez de Ganuza.