Aiarako EAJko udal taldeak oharra zabaldu du gaur aldarrikatzeko Emakumeen Gelaren izaera esklusiboa izan behar dela emakumeentzat: "berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen bidean aurrera egiten jarraitzeko".
Exijentzia hori badator Emakumeen Gela hartzen duen eraikinaren egoeraren harira. Izan ere, 2021ean, hau da, aurreko udal gobernu taldearekin, Aiarako Kuadrillak onartu zuen han egotea bere egoitza (jeltzaleek defendatu dute hori beharrezkoa dela udalerria Kuadrillaren erdigunean egoteko).
Horrek esan nahi du tokia erabat aldatuko dela eta proiektuaren barruan Emakumeen Gelaren erabilera partekatua izango litzateke, bai Aiara Berdintasunaren Alde (ABA) foroaren zein beste elkarteen artean.
EAJk azpimarratu du Emakumeen Gela autonomoa eta esklusiboa izan beharko litzatekela emakumezkoentzat eta horregatik exijitu dio EH Bildu eta Aiara Batuz taldeei "ABArekin eta udalerriko emakumeen kolektiboarekin batera, Emakumeen Gelarentzat kokapen iraunkor bat aurkitzeko beharrezko izapideak egitea. Espazio berri horrek kuadrillaren egoitza berriaren obrak egiten ari diren bitartean (urte bat edo bi, gutxi gorabehera) aldi baterako beharrak bete beharko ditu, eta Aiarako emakumeak bildu, garatu eta erabat ahalduntzeko behin betiko leku gisa finkatu beharko da".
Udal gobernu taldearen erantzuna
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da udal gobernu taldearekin eta EH Bilduk eta Aiara Batuzek adostasuna adierazi dute: "Emakumeen Gela emakumeentzako toki propioa izaten jarraituko du eta Aiarako Kuadrillaren eraikinean berdin izateko lan egingo dugu".
Dena den, udal gobernu taldeak ñabardura egin du: "Orain arte bezala, alegia. Orain arte Emakumeen Gelaren espazio fisikoan ABAk izan du lehentasuna, baina beste eragile batzuek ere baliatu dute. Aiarako Kuadrillako erabilera anitzeko gelan eredu hori mantenduko dugu. Hau da, beste batzuek eskatu ahal izango dute, baina emakumeen ekintzek izango dute lehentasuna Emakumeen Gelan".
Emakumeen Gela 2017an ireki zuten eta Arabako lehena izan zen.