Etxaurren Ikastolako eraikinen teilatuetan 120 plaka fotovoltaiko instalatu berri dituzte. Bost asteko lana izan da eta Aiarako Udala elektrizitatea ekoizteko baimenaren zain dago.
Tokiko erakundeak berak azaldu du espero dutela urtea amaitu baino lehen egotea funtzionamenduan energia azpiegitura berria.
Gasturik gabeko instalazioa, dirulaguntzei esker
Etxaurren Ikastolako jasangarritasuna hobetzeko esku-hartzeak guztiz ordaintzeko bi dirulaguntza lortu ditu Udalak. Bata Mugarri Planaren deialdiarena (22.000 eurorena) eta bestea Euskal Energiaren Erakundearena (40.000 euro baino gehiagokoa).
Dena den, Udalaren asmoa da aztertzea ikastetxearen energia kontsumoa eta proiektu gehiago garatzea plakek sortzen duten elektrizitatea hobeto ustiatzeko; hau da, ikastolak kontsumitzen dituen zerbitzu guztietan erabiltzeko.
Edonola ere, hezkuntza zentrora ez ezik, udako udal igerilekuetara ere bideratuko dute 50 Kv-ko plaken ekoizpena.