Txirrindularitzak hartu du berriro Ibaguengo kirolgunea gaur Euskadiko Ziklokros Txapelketaren irabazleak erabakitzeko eta sari asko Aiaraldean bertan geratu dira.
Lainoa oraindik altxatzen ari zen Gaizka Pujanak Master 40 kategoriako lehen postua eskuratu duenean, nagusitasun osoz. Kadeteen artean Ibai Colmenero izan da bigarren eta azken unera arte lehian egon da txapelduna izateko.
Juniorren artean Mirari Gotxi amurrioarra podiumera igotzeko zorian geratu da. Izan ere, laugarren sailkatu da.
23 urte azpiko txapelduna Hodei Muñoz luiaondoarra izan da eta beste txapela bat gehitu dio bere palmaresari. Horrez gain, Muñoz bigarren izan da Elite kategorian.
Master 30 kategoriako onena Andoni Etxebarri izan da. Amurrioarrak lortu du Iñaki Carro Europako txapelduna gainditzea. Carrok, bere aldetik, hirugarren zeharkatu du helmuga.