Zer balorazio egiten duzu aurten?
Lan handiko urte bat izan da gobernu taldea osatzen dugun bi indarrentzat, gaiak finkatzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko. Horren erakusle da ikastolan plakak jarri izana, leiho berriak, itxidura egin izana, Patios por el clima proiektua ere martxan dago... Horretaz gain, Batzar administratiboekin bilerak egin ditugu, energia berriztagarrien inguruan zer proiektu dauden azaltzeko batzartu gara, eta mugikortasunaren inguruan, adibidez, plangintza bat prestatu eta aurkeztu diogu Foru Aldundiari eta orain planteatzen diren hobekuntzen zain gaude. Arlo honetan, gainera, KudeaGo proiektua jarri dugu abian autoa partekatzeko, A15 eta A16 autobus lineak Luiaondotik pasatzen direnean bertan geldialdia egin dezaten eskatu, eta eskariaren araberako taxi zerbitzuan hobekuntzak aztertzen ari gara.
Bestalde, energia aurrezteko bide berriak begiratzen ari gara bai zaborren arloan eta baita elektrizitate kontsumoan ere, eta ibilgailu berria eta makineria berria erosi dira udal langileen lana errazteko eta hobetzeko. Bukatzeko, hainbat egitasmo diseinatzeko prozesuan daude, adibidez, udaletxe zaharraren eraberritzea.
Aiarako udalerriak jarraitzen du energia azpiegituren proiektuak metatzen bere gain: Ferosca I parke eolikoa, Solariako goi-tentsioko linea, energia berriztagarria biltegiratzeko baterien instalazioa Markixanan, Las Americas 20 zentral eolikoa eta Igebelar Solar azpiegitura fotovoltaikoa.
Berriztagarrien zabalpenari dagokionez, hainbat proiektu daude: eolikoak, bateriak, plaka fotovoltaikoak... Proiektuen olatu horren aurrean, horietako bakoitza aztertu eta saiatu gara adosten irizpideak zeintzuk izan behar diren eta zeintzuk ez. Aiara landa eremua da eta tentuz begiratu behar diogu planteatzen denari, iruditzen zaigulako nekazal lurrak toki errazen gisa har daitezkeela plaka fotoboltaikoak jartzeko beste kokapenik begiratu gabe, eta gure ustez oso inportantea da ingurumena babestea halako proiektuen aurrean, eta neurrikoak izan daitezela, bailaran behar dugun energiaren neurrikoak.
Irailean alegazioak aurkeztu zenituzten Igebelar Solar azpiegitura fotovoltaikoaren harira.
Ez dugu denbora askorik izan, luzapena eskatu genuen oporren atarian heldu zelako, eta ez ziguten eman. Zaraobeko Mahaiaren beste aldean kokatu nahi dute proiektua. Beraz, hasteko, toki enblematikoa da guretzat. Gertatzen da, gainera, ez dagoela argi proiektu horietan ekoiztuko den energia norentzako den. Gure aldetik berriztagarrien zentzuzko zabalpen bat egiteko beharrezkoa den guztia egingo dugu, eta erabiltzen diren lur motak aztertzen jarraituko dugu.
Uztailean ekin zenioten Ibaguenen inoiz amaitu ez zen kiroldegiak utzitako zuloa betetzeari, eta Udaletik inkesta abiatu zenuten zuloaren erabilera erabakitzeko herritarrekin. Zer ondorio atera zenituzten? Eta zer asmo duzue eremu horrekin?
30 erantzun baino gehiago izan ditu inkestak, eta herritarrek bereziki kirolari lotutako erabilerak adierazi dituzte beheko alderako, eta goiko aldea aisialdirako lekua izatea hobetsi da. Helarazitako ideiak aztertuko ditugu horietan oinarritutako proposamen bat plazaratzeko, eta begiratuko dugu ea horretarako diru laguntzak eskuratu ahal ditugun. Gure asmoa da aiarar guztientzako aisialdi eta kirol ekipamendurako tokia izan dadila.
Zuhatzako errepidean hainbat istripu egoten dira trafiko-astuna dela eta, eta errepidean egin nahi duen esku hartzeari buruz galdegin zenioten Foru Aldundiari. Zer da zuek eskatzen duzuena?
Errepidearen arazoa errekurrentea izan da aurten. Istripu ugari izaten dira kamioiak, bereziki, errepide bazterrera erortzen direlako. Ez dira kabitzen eta sarritan abiada handian doaz errepide horretatik. Zuhatzako herriak eskatzen duena da trafiko astuna egokiagoak diren beste errepideetara desbideratu dadila.
Kontuan hartu behar da Zuhatzako herri gehiena errepide alboetan dagoela. Errepidea zabaltzen bada, gure lehen kezka da baserri batzuekin zer gertatuko den, horietako 25 inguru errepide ertzean daudelako; eta bigarrena da, errepide zabalago batek abiadura handiagoa eragingo duela trafikoan. Gure herri txikia herri nekazaria da, eta den horretarako ez dugu egoki ikusten, iruditzen zaigu herritarrentzat ez dela onuragarria izango. Errepiea konpontzearen alde gaude, baina ez zabaltzearen alde, eta trafiko astuna horretarako egokiagoak diren errepideetara bideratzea planteatu dugu.
Foru Aldundiari helarazi diozuen beste eskaera bat A15 eta A16 autobus lineak Luiaondon sar daitezela da. Izan ere, foru erakundeak ekainean iragarri zituen aldaketak zerbitzuak handitzeko, baina badirudi egindakoa ez dela nahikoa.
Linea horiek Luiaondotik pasatu eta bertan geldialdia egin dezatela eskatu dugu. Herrira sartzearen aldea denboran bi minutu gehiago dira, beraien ordutegiak kontuan hartuta. Horrek aukera emango lioke Luiaondori eskualdeko gainontzeko herriekiko loturak izateko. A15 autobusa Gasteizera doa, eta gainera helmuga horretarako dagoen garraio bakarra da. Beraz, zentzukoa iruditzen zaigu, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta garraio publikoaren erabilera indartzeko.
Gehitu nahiko nuke autobuseko linea horiek ez direla Aiaran ematen den garraio arazo bakarra, eta oraindik hobetu behar direla zerbitzu batzuk. Hain zuzen ere, goizero institutura, unibertsitatera eta ospitalera joatekoa eta eskaerapeko taxi zerbitzua.