Esther Gonzalez eta Joseba Miras gailendu dira Luiaondoko Neguko Bolo Txapelketan, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, hurrenez hurren. Larunbatean jokatu zen finala herriko bolatokian, eta azken tirada horietako puntuak batuta osatu dute azken sailkapena.
Garaipen berezia izan da honakoa bi txapeldunentzat, bikotea direlako eta honakoa izan delako Gonzalezek irabazi duen lehen txapela.
Azken urteetako parte hartzerik handiena
Txapelketako antolatzaileek pozik azaldu dira aurtengo edizioak izango harreragatik. Izan ere, 81 parte hartzaile egon dira guztira eta “duela urte pila bat” ez zeudela horrenbeste. Gazteen inplikazioa goraipatu dute bereziki. “Herriko jokalari gazte asko hasi dira jokatzen”, azaldu du Mirasek, eta “harro” azaldu da horregatik, “duela 15 urte bolo-eskolan egon ziren neska-mutilak” direlako, eta orain bolatokira itzuli direlako. “Harro nago eurak berriz ere karrejoan edukitzeaz”, nabarmendu du.