Joseba Miras da Luiaondoko Lekubatxe Bolatoki Klubeko presidente berria

Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 11:59

Joseba Miras Luiaondoko bolatokian. / Lekubatxe

Gazteen eta emakumeen parte hartzea sustatzea izango da bere erronka nagusia.

Luiaondoko Lekubatxe Bolatoki Klubak badu presidente berria: Joseba Miras. Aurreko presidenteak dimisioa aurkeztu zuen, eta Miras izan zen kargua hartzeko prest agertu zen kide bakarra. Gauzak hala, zuzenean hartu du lekukoa.

Hala ere, Luiaondoko bizilaguna ez da bakarrik egongo klubaren kudeaketan. Bere alboan egongo dira Esther Gonzalez (lehendakariordea), Cristina Zorroza (idazkaria), Raquel Gonzalez (diruzaina) eta Ibon Mentxaka, Aketx Moral eta Eneko Bergaz bokalak. Talde horrekin, “ordezkaritza gazte eta parekidea” osatu nahi izan du Mirasek.

Izan ere, bi esparru horietan eragin nahi du presidente berriak bereziki. “Luiaondoko zein Aiaraldea osoko gazteria” gerturatu nahi du bolo jokora. Horretarako, kirola ikasteko entrenamendu irekiak antolatu nahi ditu, “hilabetean behin edo bitan”.

Mirasek goraipatu duenez, gazte ugarik ekin diote bolatokira gerturatzeari. “Gure klubean duela 15 urte bolo eskola bat izan genuen, eta bertan aritu ziren gazteetako batzuk berriro jokatzeari ekin diote aurten”, nabarmendu du.

Emakumeen parte hartzea ere sustatu nahi du presidente berriak, eta horretarako ere ate irekien jardunaldiak antolatzea du buruan.

Bukatzeko, egiten duten jardun guztia gehiago zabaltzeko asmoa du Mirasek, Aiaraldea Komunikabidera helaraziz astebururo egiten diren txapelketen sailkapen eta argazkiak.

Joseba Miras sei urterekin hasi zen boloetan jokatzen, bere aitarekin. Adinez nagusi izatera pasa zenean sartu zen klubaren zuzendaritzan, eta bospasei urte  eman zituen idazkari lanetan. Kargua utzi behar izan zuen gero, lan kontuengatik, baina orain “pilak kargatuta” itzuli dela dio.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide