Aiarako Udalak berriki jakin izan du Krabelin Solar zentral fotovoltaikoa instalatu nahi dutela Murgan. Eusko Jaurlaritzak berriki egin du publiko ingurumen-inpaktuaren txosten sinplifikatua eta interesdunek 30 egun dituzte alegazioak aurkezteko.
Momentuz, tokiko erakundeak iragarri du dokumentazioa aztertu eta herritarrak zein administrazio batzarrak informatuko dituela eta, egokitzat joz gero, alegazioak prestatuko dituela.
Berez, proiektuaren bultzatzailea Ventaja Solar 13 deituriko enpresa da, baina txostena Enerparc multinazionalarentzat eginda dago (Europan, Australian edota Indian ditu bulegoak). Aipatu beharra dago badagoela Araban (Gasteizen) abian beste proiektu bat 10.452 panelekoa, Ventaja Solar 8 enpresaren izenean. Berez, Enerparc Energía Solar, Ventaja Solar 8 eta Ventaja Solar 13 enpresek egoitza leku berean dute, Pozuelo de Alarconen, Madrilen.
Guztira, 5 MW ekoiztu nahi dituzte azpiegitura horrekin eta 10.504 panelen instalazioa aurreikusi dute horretarako. Guztira, 101.704,944 m2 okupatuko lituzke plaken parkeak.
Azpiko irudian Murgako estazio elektrikoa hartzen duen eremua dago horiz markatuta, baita zentral fotovoltaikoak okupatuko lukeen zabalera, tamaina alderatu dezan irakurleak: